17:30etik aurrera, erandioztarrek talde bi aurkeztuko dituzte, Akelarregaz batera osatutakoaz gainera. Lehiakideak Laukizko Gaztedi klubaren hiru talde eta Mutriku izango dira. Goierritarrak ez datoz esku hutsik 640ko bigarren jardunaldira. Pasa den zapatuan, Laukizen, Gaztedik eta Goiherrik berdinduta amaitu zuten. Batzuk zein besteak nagusitu ziren tiraldi guztietan, eta euren arteko deman, berriz, berdinean amaitu zuten. Hala, Gaztedi A eta Goiherri A dira kategoria horretako txapela janzteko faborito nagusiak. Bi talde nagusien ostean, Goiherri B sailkatu zen hirugarren. Aipatutako lider biren aurka galdu zuen, baina gainerako tiraldiak irabazi zituen. Atzetik, Gaztedi B, Mutriku, Goiherri-Akelarre eta Gaztedi C geratu ziren. Halere, 640ko txapela ez da erabakiko Martiarturen itzalpean, Barrikan baizik. Udalerri txiki horrek hartuko du txapelketaren finala ekainaren 18an, 17:30ean.