Lander Etxebarria EH Bilduren Bilboko Udal Taldeko bozeramaileordeak premiazko Udal Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu dio gaur goizean Aburto alkateari. "Atzo Erandion lan istripu larria gertatu zen eta bertan 38 urteko Alvaro Vinuesa Gomez langile bilbotarra zendu da. Talde guztien artean lan-ezbehar kopuruaren kontrako erakunde mailako aitorpena adostea du helburu EH Bilduk", Etxebarriak azaldu duenez.
Era berean, EH Bilduk agertu die "elkartasuna eta samina hildakoaren familia eta lagunei" eta bat egin du gehiengo sindikalak egindako salaketagaz: "argi dago segurtasun neurriak ez betetzearen eta eraikuntzan dauden lan erritmo intentsiboen ondorioz suertatzen direla lan istripuak".
Lander Etxebarriak adierazi du EH Bilduk lan-istripuen aurrean Bilboko Udalak jarrera tinkoa hartzea duela helburu. Bozeramale ezkertiarrak gogoratu du Euskal Herrian aurten jada 29 langile hil direla lan istripuen ondorioz. Azkenik, Etxebarriak iragarri du EH Bilduren zinegotziek parte hartuko dutela barikuan ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek lan-istripua salatzeko eta behin-behinekotasunaren kontra antolatutako elkarretaratzean; goizeko 11:15ean egingo dute, Bilbon, Lan Ikuskaritzaren aurrean.