Batetik, Trabudu 1976an sortu zen, Astrabuduan, hemengo folklorea eta euskal tradizioak indartzeko. Gaur egun, taldeak 100 kide inguru dauzka, dantzari eta musikarien artean. Azaldu dutenez, bere helburuak betetzeko, Erandioko eta inguruko herrietako jai eta ekitaldi guztiakaz duen konpromisoari eutsi dio beti Trabudu taldeak. Trabuduk Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak batzen ditu bere bilduma edo eskaintzan, tradizioari eta herri bakoitzeko moduei leial.
Bestetik, Temucoko ballet folklorikoa 1992an sortu zen, identitate nazionalaren berezitasunak bilatu guran. Taldea, batik bat, gazteek osatzen dute: folklorearen jagole eta hedapenari eskaini gura izan diote euren aisialdia. Antolatzaileen berbetan, Txileko kulturaren askotarikotasuna “ondoen” islatzen duen ballet-taldeetako bat da eurena.