Jon Salvador atleta erandioztarrak etxean jokatuko du, eta zaleen babesak lagunduko dio 02:43:15 denborako marka apurtzeko bere ekarpena egiten. Pasa den urteko abuztuan berak, Janire Fernandez de Olanok eta beste atleta bik egin zuten orain gainditu gura duen errekorra, Nojan. Ez da daukan marka bakarra: besteak beste, Saharako maratoiarena ere badu, 2010ean egin zuen 02:42:40 denborari esker. Horrezaz gainera, ertzainak 21 domina jaso ditu, haietako 7 urrezkoak, Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetako bost ediziotan. Denera, 26 maratoi bukatu ditu Salvadorrek, haietako batzuk Javier Condegaz batera, Elkartasun Maratoiak ekimenean. Pasa den uztailaren 10ean eman zion Condek bukaera ekimenari.
Salvadorregaz batera, zinta gainean izango dira Andresa Medeiro Portugaleteko atletismo-taldeko etorkizun oparoko kirolaria, Janire Fernandez de Olano gasteiztarra eta Javier Conde txapeldun paralinpiko eta munduko errekordun basauriarra.
Lau atletek munduko marka gaindituko duten ala ez egiaztatzeko Bizkaiko Atletismo Federazioaren epaileak izango dira lekuko.
Azkenik, ekimena aintzat hartuta, Caixa Fundazioak 1.500 euro emango dizkio Creando Futuros EGK bizkaitarrari, Senegalgo Mbour hirian sortu duen eskola laguntzeko. Proiektu hori 2014an eta 2015ean, behintzat, babestu du Erandioko Udalak.