Aurten Erandioko Musika Eskolak bere 25 urte luzeak ospatu ditu, bertako lagunek hoberen dakiten moduan, doinu eta erritmo bizien bidez. 1988-89 ikasturtean abiatu zen musikaren irakaskuntza Erandion, Erandioko Musika Elkartearen ekimenez.
Hiru urte beranduago, Udalak ardura hori hartu, eta 1991-1992an egungo musika-eskola sortu zuen. Udal arduradunak pozik daude egindako lanagaz: "urteetako lan eta ahaleginari esker, Erandioko Udal Musika Eskola Udalaren heziketa-eskaintzarik garrantzitsuenetako bat da. Kalitatezko musika-hezkuntza ematen du modu ludiko batean".
Gaur egun, Eskolak zentro bana dauka Altzagan eta Astrabuduan, eta, denera, lau urtetik gorako 350 bat ikasle dauzka, hiru multzotan banatuta: 4 eta 6 urte bitartekoak, 7 urtetik gorako neska-mutilak, eta helduak. Udal iturriek azpimarratu dutenez, musika-formakuntzak umeei eta gazteei "pentsamendu logikoa, hausnarketa-ahalmena eta autoestimua" garatzen laguntzen die. Eskolan ez ezik, ikasleek udalerriko elkarteetako hainbat jardueratan ere parte hartzen dute, musika kalera ateraz, berbarako Gabonetan, Euskararen Egunean, Korrikan, eta abar.