Jarduera soziokulturalak ardatz hartuta, Erandioko Emakumeen Elkarteak ikastaro sorta zabala prestatu du datorren ikasturterako, urriaren 3tik aurrera. Kirol jarduerak gustukoak dituenak hainbat aukera izango du: pilatesa, iaz estreinatutako aeroboxa (aerobic eta kickboxing arteko nahasketa), zumba eta mantenimenduko gimnasia, berbarako. Dantza eta musika interesa dituenak ere topa dezake zer egin: abesbatza, sevillanak (hasierako ikastaroa zein hobetzekoa) eta areto-dantzak, besteak beste.
Horiez gainera, tailerren eskaintza zabala dago: eskulanak, margoa, grafologia, etxeko lanak, irakurketa adierazkorra, eta jantzigintza. Gainera, aurten puntu eta kakorratz-lanak ere izango dira aukeran. Emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu ahal izango dute ikastaroetan, beti ere aurretik matrikula eginez gero. Irailaren 12tik 26ra izango da horretarako epea, astelehenetik eguenera, 18:00ak eta 20:00ak bitarteko ordutegian. Erandioko Emakumeen Elkarteko bulegoa izango da inskripzioa betetzeko lekua: San Agustin plazako 1. zenbakian. Eskaintzaren eraginez, pilates eta zumba izango dira talde gehien mugituko duten ikastaroak. Argibide gehiagorako, mujereserandio@hotmail.com posta elektronikora idatz daiteke.
Ikastaroak
Pilatesa: astelehen eta eguaztenetan, 10:00, 17:00, 18:00, 19:00 eta 20:00etan.
Eskulanak: astelehenetan, 16:00etan.
Aeroboxa: astelehen eta eguenetan, 19:00etan.
Abesbatza: astelehen eta eguaztenetan, 19:00etan.
Margoa: astelehen eta martitzenetan, 19:45ean.
Mantenimenduko gimnasia: martitzen eta eguenetan, 10:00etan.
Grafologia: eguenetan, 17:00etan eta 19:00etan.
Lanak: eguenetan, 16:00 eta 18:00etan.
Irakurketa adierazkorra: martitzenetan, 11:00etan eta eguaztenetan, 16:00etan.
Zumba: martitzen eta eguenetan, 18:15, 19:15 eta 20:30ean.
Jantzigintza: eguaztenetan, 18:00etan.
Sevillana hasiera: eguaztenean, 17:00etan.
Sevillana hobekuntza: eguaztenean, 18:30 eta 20:00etan.
Areto-dantzak: barikuetan, 20:15ean.
Puntu eta kakorratz-lanak: martitzenetan, 11:00etan eta eguaztenetan, 16:00etan.