Era berean, enpresa publikoak bere gain hartuko du Altzagako hainbat etxeren eraispena. Altzagako Ibarra, Ibarrondo, Anton Fernandez kaleetako eta San Agustin plazako etxebizitza horiek Abaroa enpresa pribatuak eraiki zituen eta orain dela 9 urte hustu behar izan zituzten, arrakala arriskutsuengatik. 66 familia kaltetuta daroatza ordutik. Hitzarmenaren berrespenari argi berdea eman zioten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Kontran EH Bildu eta Rafa Vaquero agertu ziren. Ganemos Erandio taldea, ordea, abstenitu zen abuztuaren 5eko ez ohiko udal batzarrean.
Bozketa uztailaren 28an egitekoa zen, ohiko udalbatzarrean, baina auzokide batek uztailaren 22an aurkeztutako helegiteak gaia atzeratzea eragin zuen. Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotzi jeltzalea haserre agertu zen horregatik, eta EH Bilduri leporatu zion hitzarmena gerarazteko ahalegin hura “epea amaitu baino hamar minutu lehenago” aurkeztu izana. Era berean, Bilbaok EH Bilduren zerrendetan joan zen auzokide horren izen-abizenak eman zizkion prentsari. Azkenik, koalizioari leporatu zion Abaroak sortutako arazoa konpontzeko “prozesua boikoteatzea”.
Daborduko, EH Bilduren abokatuak aztertzen dabiltza Azpiegiturarako hitzarmenaren aurkako helegite bat aurkeztea. Bestalde, errekurtsoa ipini zuen auzokideak epaitegietara eroango du Udala, erakundeak helegite hori baztertu ostean.
EH Bilduk gogor salatu ditu Bilbaok “sustatutako krispazio giro jasanezina” eta zinegotzi horri egotzi dio Datuen Babeserako Legeak agindutakoa hautsi izana. Hitzarmenari dagokionez, agindu du “borrokan jarraituko” duela Tartangako lur-eremua kirol eta aisialdi-gunea izan dadin. Bestalde, EAJri galdetu dio ea zergatik ez dion Abaroari bere ardura bete dezan. Protesta gisa, pasa den uztailaren 28ko udal bilkuran ez zuen parte hartu.
EH Bilduren oharra
Altzagako auzoa kirolerako lur-eremu barik geratzea erabakita
Abuztuaren 5eko udalbatzan konfirmatu zen: Altzaga auzoan kirolerako zegoen lur eremu publiko bakarra galdu dugu erandioztarrok.
Kiroldegiaren alboko gune berdea Azpiegiturari ematea erabaki zen. Bertan 400 etxebizitza egiteko! Horrela erabaki zuten PNVk, PSEEk eta PPk beraien aldeko botoekin. Bestalde, Ganemosen abstentzioa, eta EH Bildu eta talderik gabeko zinegotziaren kontrakoa botoak izan ziren.
Aspaldi udal talde desberdinek egin zuten apustu eta esfortzuei esker Altzagak kirol instalazio berriak garatzeko lurrak eskuratu zituen, aldiz, oraingoan hartutako erabakiarekin lur hauek galduko ditugu.
Duela 25 urte Udalak 20.000 m2 baino gehiagoko lur eremua desjabetu eta erosi zuen. Garai hartan argi zuten; gune hau auzoaren birikia izan behar zuen. 2. fase batean kiroldegia garatzeko hain zuzen: Kaleko igerilekuaz hitz egiten zen orduan, frontoiaz, askotariko kirolerako instalazioez... Gaur porlanaz ari dira, ehunka etxebizitzen eraikuntzaz.
Hau izango da Erandiok ordainduko duena Abaroa enpresak eragindako kalte larrien ondorioz duela 10 urte euren etxebizitzak utzi behar izan zituzten 66 familiei konponbidea emateko.
Paradoxikoki, kalteak eragin zituen enpresak ez ditu beregain hartu eragindako kalteak eta inork ez dio eskatu ardurarik hartzeko. Agian PNVk zergatia azaldu beharko luke...
EH Bildutik uste dugu gobernu batzordeak ez duela jakin izan zilegitasun osoz euren etxeak aldarrikatzen ibili diren auzokideen eskubideak eta herritarron gehiengoaren eskubideak errespetatzen.
Gure apustua argia da: Vega de Altzaga, San Agustin Plaza eta Ibarrondo kaleetan berreraikitzea lanak ahalik eta azkarren abiatzea eta hauen finantziazioa hirigintza arloa hipotekatuko ez dituen formula izatea.
Tartangako ingurua ez zuen inoiz trukerako aukera izan behar!
EH Bildutik dauden aukera guztiak agortu arte lanean eta borrokan jarraituko dugu Tartangako lur eremua kirolerako eta aisialdirako izateko.