Besteak beste, Herri Kirolak Federazioko ordezkariak, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatua eta Salvador Artaza Laukizko alkatea izan dira harrera hunkigarrian. Pasa den barikuan, finalerdietatik kanpo geratu zen Goiherriko taldea, 600 kiloko modalitate mistoan. Egun berean, Goiherri A-k ere ezin izan zuen maila hori gainditu gizonezkoen 640 kiloko lehian.
Gaztedikoek, ostera, zorte hobea izan dute. Elastiko gorriagaz brontzeko domina bi eskuratu dituzte: gizonezkoen 580 kiloko deman eta emakumezko 500 kilokoan. Basque Country izeneko selekzioaren maillot berdea jantzita, domina gehiago ekarri dituzte Gaztediko kideek: lau. Hiru zilarrezkoak izan dira: emakumezkoen 500 kilokoa, 600 kiloko mistoa eta gizonezko 640 kilokoa. Halere, garrantzitsuena izan zen gizonezkoen 580 kiloko modalitatean lortu zuten urrezko domina. Iaz nazioartean euskal selekzioa ofizialki onartu zutenetik lehenengo aldia izan da euskal ereserkiren bat entzun dena. Podiumeko goikaldetik tiralariek "Ikusi mendizaleak" abestia abestu zuten.