Erandioko Udalak hainbat bitarteko ipiniko du herritarren esku, horiek udal arduradunei iradokizunak eta ekarpenak helaraz diezaizkien. Besteak beste, inkesta bat, Internet bidezko galdetegi online bat, jaitsi daitekeen pdf dokumentu bat, postontzi bat eta aurrez aurre jarduteko karpak, aste-akabuan. Elementu fisikoak Altzaga, Astrabudua, Erandiogoikoa eta Lutxana auzoetan jarriko dituzte. Gainera, kanpaina udal sare sozialetan ere segitu ahal izango da. Inkestaren esku-orriak udal lokaletan eta kiroldegietan zein Lutxanako eskoletan ere jaso ahal izango dira.
Inkestak hiru zati izango ditu. Lehenengoan, nork bere auzoa hobetzeko ekarpenak egin ditzan eskatuko zaie hiritarrei; bigarrenean, EAJ eta PSE-EEren Udal Gobernuak idatzitako Legegintzaldirako Planean jasotako ekimenak lehenesteko laguntza galdegingo zaie; azken zatian, iradokizunak eta ekarpenak emateko aukera izango da, modu librean.
Udal arduradunek azaldu dutenez, ekimena lehen aldiz egingo denez "eredu erraz baten alde egin" dute. Halere, prest daude datozen urteotan eredu horrek "bilakaera" izan dezan. Izan ere, euren iritziz, aurtengo dinamikaren helburu nagusia da "hiritarrengan udal gai publikoen gaineko kultura parte-hartzailea bultzatzea eta parte-hartze handia lortzea, adierazgarritzat jo ahal izateko".