GES erosteko proposamena egin du Extremadurako CL industria-taldeak

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 22a, 17:49
GES taldeko egoitza, Enekurin. © CARWAGEN TALDEA

Zer gertatuko zain daude Erandioko Enekuri auzoko Global Energy Services (GES) enpresan lan egiten duten 200 bat beharginak. Gaur egun, 3i inbertsio-talde ingelesak gidatutako nazioarteko enpresak 1.600 langile eta bankuekiko 100 bat milioi euroko zorrak dauzka; aurre-konkurtso egoeran dago. Konponbiderik topatu ezean, hartzekodunen konkurtsora irtengo da, urriaren amaieran.

Egoera horretan, enpresa bakarrak agertu du GESekiko interesa: Extremaduran jatorria duen Cristian Lay (CL) industria-taldeak. Pasa den irailaren 8an, GESen zuzendaritza ELA, CCOO, UGT, CGT eta Figa sindikatuakaz batu zen Enekuriko lantegian, sozietatearen "bideragarritasunaz" berba egiteko. Bertan, besteak beste, "kosteen egitura berri bat, lantaldearen murrizketa bategaz" iragarri zuen zuzendaritzak, CCOOk jakinarazi duenez. Horrez gainera, enpresa ahaleginduko da bankuek zorren zati handi bat barka diezaioten, Alemaniako zentro bat saltzen, Gamesan eta beste enpresa batzuetan lan egiten duten GESen ehunka beharginak subrogatzen eta GES mantentzen, balizko bazkide berriaren laguntzaz.

Bere aldetik, CL taldeak sindikatuei, pasa den barikuan, esan zien bere asmoa dela "GES berriak" 400 eta 500 langile bitartean izatea. Sindikatuak negoziatzen dabiltza, eta ez dituzte mobilizazioak baztertu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun