Egoera horretan, enpresa bakarrak agertu du GESekiko interesa: Extremaduran jatorria duen Cristian Lay (CL) industria-taldeak. Pasa den irailaren 8an, GESen zuzendaritza ELA, CCOO, UGT, CGT eta Figa sindikatuakaz batu zen Enekuriko lantegian, sozietatearen "bideragarritasunaz" berba egiteko. Bertan, besteak beste, "kosteen egitura berri bat, lantaldearen murrizketa bategaz" iragarri zuen zuzendaritzak, CCOOk jakinarazi duenez. Horrez gainera, enpresa ahaleginduko da bankuek zorren zati handi bat barka diezaioten, Alemaniako zentro bat saltzen, Gamesan eta beste enpresa batzuetan lan egiten duten GESen ehunka beharginak subrogatzen eta GES mantentzen, balizko bazkide berriaren laguntzaz.
Bere aldetik, CL taldeak sindikatuei, pasa den barikuan, esan zien bere asmoa dela "GES berriak" 400 eta 500 langile bitartean izatea. Sindikatuak negoziatzen dabiltza, eta ez dituzte mobilizazioak baztertu.