Sindikatuak gaur batzartuko dira Erandioko heriotzari erantzuna emateko

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 30a, 11:10
Pasa den ekainean beste behargin bat hil zen Erandion.

ELAk babes eta elkartasun osoa adierazi dio atzo Erandioko Basalan foru enpresa publikoan gertatutako lan-istripuaren biktimaren senitarteko, lagun eta lankideei. Sindikatuak jakinarazi duenez, "33 urteko A.G.O. da hildakoa". Gertatutakoa ikusita, Osalani eta Lan Ikuskaritzari ezbeharraren arrazoiak argitu eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona eskatu die enpresako sindikatu nagusiak. LABek ere salatu duenez, atzokoa lan-istripuzko aurtengo 23. heriotza da Bizkaian, eta 40.a Euskal Herrian.

Atzoko lan istripua "are larriagoa da enpresa publiko batean suertatu delako eta Bizkaiko Foru Aldundia delako gertatutakoaren azken erantzulea", iritzi dio sindikatuak. Hori dela-eta, ELAk Bizkaiko Foru Aldundiko sindikatuen arteko bilera deitu du gaurko, lan heriotza horren aurrean dagokion erantzuna emateko.

ELAk laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak "lan prekarietatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan-eredu" baten "ondorio zuzena" direla salatu du. Sindikatuaren arabera, "Basalanen ere lan baldintza gero eta prekarioagoak jasaten dituzte langileek. Prekarietate hori, gainera, administrazio publikoek ezarritako murrizketen ondorio zuzena da. Enpresek, orokorrean, beste ezeren gainetik bere irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz".

"ELAk garbi dauka gizarte arazo larri honen irtenbidea langileriari enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzean dagoela", dio sindikatuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta ardura daukaten beste erakundeei eskatu die helburu horretara bideratu eta "behingoz" neurri erreal eta eraginkorrak ezar ditzatela, baita segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen bete-gabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren errekurtso guztiak ipini ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun