Atzoko lan istripua "are larriagoa da enpresa publiko batean suertatu delako eta Bizkaiko Foru Aldundia delako gertatutakoaren azken erantzulea", iritzi dio sindikatuak. Hori dela-eta, ELAk Bizkaiko Foru Aldundiko sindikatuen arteko bilera deitu du gaurko, lan heriotza horren aurrean dagokion erantzuna emateko.
ELAk laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak "lan prekarietatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan-eredu" baten "ondorio zuzena" direla salatu du. Sindikatuaren arabera, "Basalanen ere lan baldintza gero eta prekarioagoak jasaten dituzte langileek. Prekarietate hori, gainera, administrazio publikoek ezarritako murrizketen ondorio zuzena da. Enpresek, orokorrean, beste ezeren gainetik bere irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz".
"ELAk garbi dauka gizarte arazo larri honen irtenbidea langileriari enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzean dagoela", dio sindikatuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta ardura daukaten beste erakundeei eskatu die helburu horretara bideratu eta "behingoz" neurri erreal eta eraginkorrak ezar ditzatela, baita segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen bete-gabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren errekurtso guztiak ipini ere.