Bestalde, gizonezkoentzat bada ikastaro bat, haurrentzako masajea eta afektibotasunarena, "erantzukidetasuna" sustatzeko helburu; eskaeraren arabera, agian euskaraz ere egin ahal izango da.
Zortzi ikastaroetatik bost Altzagan izango dira (Bekoa ikastetxean eta Tartanga kiroldegian), beste bi Astrabuduan (haurreskolan eta Josu Muruetan) eta bakarra Erandiogoikoan (gizarte etxean). Ikastaroek iraun bitartean, haurtzaindegi-zerbitzua izango da, beti ere ikastaroa hasi baino laupabost egun lehenago eskatuz gero.
Izen-ematea daborduko zabalik dago eta gura den ikastaroa hasi baino bost egun lehenagora arte egin ahal izango da. Halere, tailer denetan lekuak mugatuak dira eta izena emateko ordena errespetatuko da. Dena den, Erandion erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Inskripzioa posta elektronikoz egin daiteke, mezu bat berdintasuna@erandioko-udala.net helbidera igorriz. Era berean, zuzenean pasa daiteke honako lekuetatik: Altzagan, Berdintasun Zerbitzutik, bekoa ikastetxean; Erandiogoikoan, gizarte etxetik, 16:00etatik 21:00etara; eta Astrabuduko Udal Bulegotik.
Eskola zabaldu zenetik, "gero eta emakume gehiago" erakarri du Eskolaren prestakuntza-eskaintzak, Berdintasun Arlotik azaldu dutenez. Apurka-apurka, "erreferentziazko espazioa" bilakatu da emakumeen topaketa hori Erandion. Lehenengo ediziotik egin legez, aurten ere Eskolak emakumeen jabekuntza-prozesuak sustatu gura ditu; alde batetik, banakakoak zein kolektiboak, "norberaren ikaste- eta kontzientziazio-prozesuetan laguntzeko"; eta bestetik, "emakume-sareak ehundu eta parte-hartze soziala bultzatzeko".