Erandioko Sarek autobusa ipini du hilaren 15eko manifestaziora joateko

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 10a, 12:32

Erandioko Sareren aurkezpena, artxiboko irudian. © ERANDIOKO SARE

Larriki gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzeko manifestazioa izango da urriaren 15ean Donostian, 17:00etan, Boulebard-etik hasita. Hitzordu horretara joateko autobusa antolatu du Erandioko Sarek. Garraioa Astrabuduko farmaziatik irtengo da 15:15ean eta geldialdia egingo du hamar minutu beranduago Altzagako moilan. Izena aurretik eman beharra dago honako lekuetan: Altzagako La Plaza tabernan eta Astrabuduko Primera Linea ostatuan eta herriko tabernan.

Iraila hasieran, kurtso politiko berria “erabakiorra” izan zedin, aktibazio ziklo berri bat irekitzera zihoala jakinarazi zuen Sarek, euskal presoen eta euren senideen eskubideak errespetaraztea helburu.

Hori lortu asmoz, “Salatzen dut” tresna abiatu zuten. Horren asmoa da “jendarte zibilaren inplikazio handiagoa, eta alderdi politiko nahiz euskal instituzioen konpromiso handiagoa lortzea”. Irailaren 30ean,  beste urrats bat eman zuten norabide horretan, urriaren 15eko manifestazioa deituta.

Sarek azaldu duenez, “gure helburua, 15ean Donostiako kaleak betetzea da; ‘Salatzen dut. preso gaixoak etxera’, Madrildik eta Paristik entzun dezaten; entzun eta sentitu gaitzatela… ez dugu nahi gauzak orain arte bezala jarrai dezaten, eta ez dugu utziko, larriki gaixorik diren euskal presoen bizitzarekin jolasten”.

Presoen aldeko plataformak nabarmendutakoen arabera, espainiar legediak, larriki gaixorik diren presoen espetxealdi arindua baimentzen du arrazoi gizatiarrengatik. “Ez dugu eskatzen jada barne legedian eta nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legea betetzea eta gizatasun pixka bat izatea da eskatzen duguna. Eskubide hori, nazioarteko itun ezberdinek ere jasoa da, horien artean 2015/12/17ko Nazio Batuen gomendioek, ‘Mandela Arauek’ barne. Hain zaila al da, beraien legedia betetzea? Hain zaila al da, 10 euskal preso hauen kasuak aztertzea, soilik lege eta giza eskubide ikuspegitik?”, galdetu du Sarek.

Plataformaren ustez, sakabanaketaz gain, larriki gaixo diren euskal presoak espetxean mantenduz ezartzen den espetxe politika “gorroto eta mendeku logikaren” emaitza besterik ez da. “Eta gorrotoarekin, jendarteari ezinezko zaio benetako bake eta bizikidetza agertoki baterantz urratsak egitea”, kritikatu dute plataformako kideek. Sareren lehentasuna da eskubide urraketen agertoki hori konponbidearenagatik aldatzea. Eta euren ustean euskal jendartearen gehiengoaren lehentasuna ere bada, “ideologia eta alderdikeriaz gaindi”.

Kalean eta Legebiltzarrean

Bestalde, Sarek apustu egin du Eusko Legebiltzarreko gehiengo osoagaz (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEeko 66 legebiltzarkideak) gai horren inguruko ibilbide orri bat adosteagatik. Euren ustean, “gaur eta hemen agertoki hori egingarria da; betiere, horretarako borondate politikoa balego”.

Gogorarazi dutenez, Saren badute borondate hori: “larriki gaixorik diren euskal presoak etxera ekartzeko borondatea, dispertsioarekin amaitzeko borondatea, salbuespen legediekin amaitzekoa… eta horrela ikusaraziko dugu 15ean Donostiako kaleetan; hatz salatzailearen forma duen, giza eskubideen bandera hori altxatuz. Entzun eta sentitu gaitzatela: ‘Salatzen dut’”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun