Florentino Badiola, Aiora Sedano eta Aitor Fernandino aktoreek osatzen dute Anodino antzerki-taldea. Mikel Fernandinok idatzitako obra labur bat aurkeztu zuen taldeak Pabellon 6 guneko Antzerki Laburren II. Jardunaldietan, 2014ko ekainean. "Zeru kapitalistaren kapritxoak jasan behar dituen hilotz gizajo baten gaineko dibertimendu burugabea" izan zen "Dios ©" obra. Lan labur horrek oso harrera ona izan zuenez, muntaia luzeagoa eta landuagoa egitera animatu ziren, umore beltz, absurdo eta histrionikoan murgiltzeko asmoz. Barre egitea, algaraka; hortik sortu zen Anodino Teatroa, 2015eko maiatzean.