Irailaren 27tik urriaren 4ra, Erandioko Udalak hainbat bitarteko ipini zituen hiritarrek aurrekontuetan parte har zezaten. Interneten galdetegia eskegi zuten, auzoetan postontziak ipini zituzten eta aurrez aurreko informazioa eman zuten kalean jarritako informazio-karpetan.
Horren eraginez, 180 pertsona hurreratu ziren karpetara: 78 Altzagan, 69 Astrabuduan, 21 Lutxanan eta 12 Erandiogoikoan. 180 auzokide horiek 347 inkesta bete zituzten, haietako 280 Astrabuduan. Gainera, Internetez beste 157 heldu ziren, postontzietan 52 utzi zituzten eta, azkenik, beste 11 udal-bulegoetan utzi zituzten. Denera, 567 izan ziren jasotako ekarpenak.
Ekarpenetan emandako datuen arabera, esan daiteke emakume erandioztarrak gizonezkoak baino parte-hartzaileagoak izan direla, haiek idatzi baitituzte ekarpenen %65,91. Era berean, parte-hartzaile gehienen adin-tartea 38 eta 45 urte bitartekoa izan zen. Auzoka, altzagarrak izan ziren parte-hartzaileen %57,1; astrabuduarrak, %27,7; beste auzoetakoak %15,2 izan ziren.
Auzoa zelan hobetuko luketen galdetuta, Astrabuduan 619 erantzun eman zituzten. Prozesu parte-hartzailearen gaineko txostenean Ibatuz SL enpresako arduradunek azaldu dutenez, "Astrabuduan jasotako inkesta-kopuru garrantzitsuaren azalpena da parte-hartzearen karpan ekarpen asko eman zituztela, beren-beregi Ignacio Aldekoa ikastetxearen atseden-gunea estaltzeko [284 ekarpen] eta kirol-instalazio berriak ipintzeko [249] eskatzen". Aipatzekoa da 14 ekarpen besterik ez zirela izan aparkalekuak hobetzeko. Altzagari dagokionez, Udalari eskatu zioten neurriak hartzea Tartangan, Ategorrin eta Felix Ortunen (40), parkingak hobetzea (21) eta gazteen eta umeen aisialdia (21), besteak beste. Lutxanan gai nagusia "espaloiak eta uholdeak" (15) izan zen. Erandiogoikoan, errepideak, estolderia eta argiteria (8). Azkenik, Enekuri-Faoetan, kultura eta zaharberritzea eskatu zituzten; Arriagan, bidegorria eta estolderia.
Langabezia borrokatzean, adostasuna
Udalerri-mailan, sail bakoitzaren lehentasunak zeintzuek izan behar duten galdetuta, auzotarrek argi daukate: erantzun dutenen %70,2k uste du lehenetsi behar dutela erandioztarrak kontratatzeko enpresei laguntzak ematea. Horren ostean, dependentzia-egoeran daudenei etxez etxeko laguntza emateak sortzen du adostasun gehien (%66,3). Apur bat atzerago daude txakurren parkeak birpentsatzea (%62,1), udal eraikinetan wifia ipintzea (%60,8) eta gazteei udal-lokalen bat uztea (%58,6).