Erandioko Udal Gobernuaren aburuz, "gaur egun, Cáritas bada, aurretik legez, Erandioko udalerrian gizarte-ekintzan diharduen Gobernuz Kanpoko Erakunde garrantzitsuena. Orain dela hamarkada batzuetatik hona, Cáritasek gizarte bazterketaren eta txirotasunaren aurkako behar goraipagarria egiten du Altzagako eta Astrabuduko parrokien bidez, eta erandioztarrek lan hori aintzat hartu eta gogoko dute". Adibidez, pasa den maiatzaren 26an Karitate Eguna antolatu zuen Erandion Bizkaiko Cáritasek. Eliz-elkarteak emandako kopuruen arabera, 600 bat kolaboratzailek hartu zuten parte ekimen hartan.
Erandioko Udalaren Gizarte Ekintza Arloa "kontziente izan da hitzarmen hori sinatzearen beharraz", erakunde bien arteko elkarlana eta koordinazioa sendotu eta Erandioko sendi behartsuei erabateko laguntza emateko, udal iturriek azpimarratu dutenez. Elena Pérez Barredo zinegotzi sozialistak azaldu duenez, "batzuetan, zerbitzu eta laguntza publikoak ez dira nahiko okerren bizi dabiltzanak laguntzeko. Logikoki, laguntza publikoek badituzte baldintza oso zorrotzak eta hainbatetan ez dira egokitzen pertsonen premiazko beharrei. Horregatik sinatu dugu hitzarmen hau, inor ez dadin geratu babes barik".
Cáritasekiko hitzarmena batu zaie aurretik Sortarazi eta Aunar elkarteakaz sinatutakoei. Kasu horietan, helburuak dira elikagaien banaketa eta hainbat gizarte bazterketa ekiditea, arroparen eta zapaten gabezia edo txirotasun energetikoa bezalakoak. Udal Gobernu Taldearen ustez, hiru hitzarmenek "zerbitzu eta laguntza publikoak osatu eta erakundeen arteko kooperazioa eta elkarlana sendotu egiten dituzte, Udalaren lidergoaren pean". Hala, "txirotasun- edo gizarte bazterketaren egoeraren batetik ateratzeko laguntza behar duten pertsona denengana heltzea" da akordio horiei ipinitako helburua.