Enpresa-batzordeak lan-hitzarmen propioa eskatu du, ELA, CCOO eta Satse sindikatuen babesagaz. Salatu dutenez, Estatu espainoleko “ospitale pribatu bakarra gara Langileen Estatutuak arautzen duena”. Gaineratu dutenez, Quirónek EAEn dituen beste osasun-zentro biek ere, Bilbokoak eta Donostikoak, “hitzarmen propioa dute”.
Beharginek diotenaren arabera, “behin-behinekotasuna” pairatzen dute lanean. Adibidez, “medikuarenean ematen ditugun orduak berreskuratzea egiten” dietela diote. Edozein kasuan, “lantaldean egindako murrizketek eragin” diete: “pertsona bat izaten da bi lanposturen beharrak egiten”, adierazi dute. Gaueko larrialdietan ere, “erizaina bat baino ez dago. Batzuetan zaintzaleak bere lanaz gainera administratiboarena ere egin beharra dauka” esan dute.
Bestalde, baldintza ekonomikoaz ere kexu dira langileak. Orain dela hiru urte sinatu zuten akordio bat enpresagaz, “KPIren igoera gehi %0,5 soldatetan” aplikatzeko. Baina ordutik hona “bizitza garestitzen segitu du”, nabarmendu dutenez.
Enpresagaz negoziatzen ahalegindu dira, baina euren ustez “ez zuten amore eman kostu ekonomikorik ez duten oinarrizko kontuetan, hala nola ordutegien malgutasunean edo mugikortasun geografikoan”. Horregatik, Quirónek pasa den urriaren 20an egin zien proposamenari ezetz esan eta mobilizazioak isiotu dituzte.
Bere aldetik, enpresako zuzendaritzak azaldu du lan-batzordeagaz negoziatzen segituko dutela hitzarmena adosteko.