Hala, liburutegiak Jesus Aranburu kalean BBK-k utzitako behin-behineko instalazioetatik aterako da, antzinako lekura bueltatzeko, aspaldi Legazpi eta Antonio Trueba kaleen kantoian baitzegoen, etxeak eraiki aurretik.
Lanak hiru fasetan egitea aurreikusi du Udalak. Lehenengoan, biblioteka egokituko dute. Ondoren helduko zaie txanda ludotekari eta, azkenik, Kz Guneari. Liburutegiaren proiektua daborduko onartu du Udalak eta esleipen-fasean dago. Proiektuan, 1.052 metro koadro aurreikusi dituzte denera. Horietatik bibliotekak 752 metro koadro izango ditu eta beste 300 metroak beste guneetarako eta gune komunetarako izango dira. Hasieran, Udal iturriek aurreratu dutenez, liburutegiak sarbidea partekatuko du Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko bulegoagaz, udal zerbitzuko berri horretan hainbat administrazio-tramite egin ahal izango dira, udaletxeraino joan barik. Obrak 2017an hasiko dira eta udarako amaitzea espero dute udal arduradunek. Lanak gauzatzeko aurrekontua 503.000 eurokoa da, BEZa barne. Horretaz gainera, Udalak beste 150.000 euro bideratuko ditu bibliotekako altzarietarako.
HAZ berriak
Altzagan ez ezik Astrabuduan ere izango da Herritarrentzako Arreta Zerbitzurako bulego bat. Bulego horietan "edozein tramite eta udal gestio" egin ahal izango da udaletxera joan barik, Udalak nabarmendu duenez. Izan ere, udal arduradunen arabera, HAZak "Erandioko Udalaren apustu argia dira, zerbitzua ematean gardentasuna eta eraginkortasuna bultzatzeko eta, aldi berean, Udala hiritarrengana hurbiltzeko, instituzioaren burokrazia erraztuz". Altzagako HAZi dagokionez, Antonio Trueba zeharkalditik izango du behin betiko sarrera. Denera, 206 metro koadro izango ditu, horietatik 165 erabilgarriak. Areto nagusienak harrera (24 metro koadro), itxarote-gela (40), bilera-gela (20) eta bulegoa (12) dira. Obra 2017ko lehenengo hiruhilabetean amaituta egongo dela espero dute. Lanen aurrekontua 189.000 eurokoa izango da, BEZa barne. Gainera, beste 60.000 euro erabiliko dituzte ekipamenduan.
Astrabuduko HAZa orain arteko udal bulegoko leku berean egongo da, Meso kaleko 20. zenbakian. Bertako espazioa Altzagakoagaz batera egokituko dute, HAZeko behar-izanetara moldatzeko. 15.000 eurokoa da aurrekontua.