Aurten, Berbotseko kideek “pauso bat aurrerago” egin gura dute. Horregatik, erronka bat hartzea proposatu diete erandioztar guztiei, “euskararen erabilera sustatzeko asmoz”. Erronka hori norberak finkatuko du, “bakoitzak bere neurrikoa, txiki-txikia ala ahalegin handiagoa eskatzen duena”. Gainera, banaka edo taldeka egitea ere aurreikusi dute euskaltzaleek.
Desafioa ondo uler dadin, hainbat adibide ipini diete auzotarrei, ausarten bihotza eta irudipena kitzikatzeko edo "kopiatu eta itsatsi" teknikaren adituei dena eginda emateko. Hona hemen ereduetako batzuk: “Erosketa zerrenda gaztelaniaz egiteko ohitura duzu? Horra zure erronka!”; “Oso irratizaleak zarete, baina ez duzue irratia euskaraz entzuten? Horra zure erronka!”; Facebooken idatzi, asko, baina beti gaztelaniaz? Horra zure erronka!; Jende aurrean egiten duzue lan eta bezeroak gaztelaniaz agurtzen dituzue? Horra zuen erronka!”; “Entrenatzailea euskalduna da eta gaztelaniaz egiten dituzue entrenamenduak? Horra zuen erronka!”; “Seme-alabei euskaraz, baina zuen artean gaztelaniaz aritzen zarete? Horra zuen erronka!”; “Lagun euskaldunekin gaztelaniaz egiteko ohitura duzu? Horra zure erronka!”.
Azkenik, Berbotsek eskatu du norberak edo talde bakoitzak hartutako erronkak azaroan gauzatzeko. Aurretik, euskaltzaleek eskatu dute bideo labur batean nork bere buruari botatako desafioa grabatzeko eta sare sozialetara igotzeko edota Berbotsera bidaltzeko. Bideo barik, argazkiak edota testuak ere aintzat hartuko dituzte. Ekarpen denak ondo etorriak izango dira, “Erandion ere euskarak aurrera egitea” gura baitute. Ekimen horren bidez, sano frogatuko dutela uste dute eta dena ondo bidean, abenduaren 3an ekitaldi ederra egingo dute Astrabuduko Mendiguren plazan.