Ez da lehenengo aldia Jon Salvadorrek eta Javi Condek maratoia korritzeko leku xelebreak aukeratzen dutena. Aurretik, besteak beste, Bizkaiko Zubiaren goikaldean, Athleticen gabarran eta Deustuko estolderietan jardun dute kirolzaleek.
Erronka egingarria izateko, Pozalaguako lurra moketa batez estaliko dute. Halere, Javi Conderen iritziz "gogorra izango delakoan nago". Gainera, bere ustez, "bost ordu baino gehiago emango ditugu" maratoia bukatzeko, "ardura-neurri asko hartu beharko dugulako". Orain arte beti egin duten moduan, babesleek emango duten dirua, gastuak estali ostean, hainbat EGKren elkartasun-proiektuetara bideratuko dute. Besteak beste, Haitin Matthew urakanak utzitako hondamendian laguntzeko Unicefek darabilen proiektua babestuko dute kirolariek. Orain arteko proiektuetan, 170.000 euro baino gehiago bideratu dituzte elkartasun-ekimenetara.