Erandioko Udalbatzaren gehiengoak onartu du EAEko Auzitegi Nagusiari eskatzea Jon Iñaki Rodríguez udalerriko bake-epailearen jarrera iker dezan. Erabakia justu-justu atera zen, boto batengatik; PSE-EE, Ganemos Erandio, EH Bildu eta atxiki gabeko zinegotzia alde agertu ziren; EAJ eta PP, aurka. Halere, Ez Ohiko Udalbatzak gaiaren inguruko beste puntu bi atzera bota zituen, PSE-EEk aurka bozkatu zuelako. Hala, sozialistek uko egin zioten esateari pasa den irailaren 25eko hauteskunde-egunean auzokide bategaz izandako eztabaidan Rodríguezek liskarra eragin zuenik edo partzialtasunez jokatu zuenik, auzokideak salatu zuenez; hori EAEko Auzitegi Nagusiak ikertu behar duelakoan. Modu berean, "horrelakorik errepikatu ez dadin" eskatzeari muzin egin zioten.
"Sorgin-ehiza"
Elena Pérez bozeramaile sozialistak EH Bilduri leporatu zion hasieratik Rodríguezen aurkako jarrera eduki izana eta irailaren 25eko gertaera bake-epailea jazartzeko erabili izana. Ana Crespo EH Bilduren eledunak gogorarazi zionez, EAJk eta PPk besterik ez zuten Rodríguez defendatu bake-epaile izendatzeko; PSE-EE-k abstentzioa eman zuen. Orduan, Bilduk beste hautagaien alde egin zuen, 9 hautagaietatik Rodríguez izan zelako erdaldun bakarra eta gizonezko bakarra: "sexu-diskriminazio positiboa eta euskararen aldeko jarreragatik bere kontra bozkatu genuen, egungo bake-epailearen aurka, baina bere aurka ez dugu ezer". Halere, irailaren 25ean izandako "liskarra" eta gerora EH Bilduren aurka egunkari batera bidalitako gutuna deitoratu zituen Crespok.
Era berean, auziaz EH Bilduk kaleratu duen kartela errefusatu zuen Egokiñe Angulo EAJren ordezkariak. Azkenik, Joseba Goikouria penatuta agertu zen istilua Udalbatzaraino ailegatzeagatik, Bozeramaileen Batzordean berdin konpondu ahal izan zitekeelakoan. Angulok bake-epailearen aurkako "sorgin ehiza" egitea leporatu zien EH Bilduri eta Ganemosi.
Bake-epailea Leioan ere
Pasa den ekainaren 21ean, Leioako bake-epailearen eta horren ordezkoaren dimisioak jaso ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak udalerri horretan jarduneko bake-epaile izendatu zuen Jon Iñaki Rodríguez, bake-epaile berria aukeratu arte. Ardura hori Erandiokoari batu zion. halere, irailaren 25eko hauteskundeei begira, EAEko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Aretoak Ainhoa Rey Celada Erandioko bake-epaile ordezkoa izendatu zuen Leioako bake-epaitegiaz arduratzeko, Leioako Udalak hautatze-prozesua bukatuta ez zuelako.