“Green Cádiz” ontzia uretaratu dute Erandion

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 5a, 12:01
"Green Cádiz" ontzia.

Pasa den bariku arrastian, abenduak 2, "Green Cádiz" hornidura-ontzia uretaratu zuten Erandioko Murueta ontziolaren instalazioetan. Hondakinak biltzeko ontzia Bilboko Green Bay Sur armadorearentzat eraiki dute. Lehen ontzia da portuan behar diren eragiketak egiteko diseinatu eta eraiki dutena Erandion. 68,2 metroko luzera dauka, 12 korapiloko abiadura har dezake eta 8 pertsonak osatzen dute eskifaia.

Uretan egin beharreko lanak falta zaizkie oraindino Murueta ontziolako beharginei. Enpresak horiek bukatzea aurreikusi du 2017ko apirilerako. Orduan, Green Bay Sur armadoreari emango dio, Algecirasko portuan lanean ipin dezan. "Green Cádiz" Murueta ontzioletatik irtengo den 314. ontzia izango da.

3.481 langabe gutxiago

Uretaratze-ekitaldian izan ziren Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Juan Manuel Arana Muruetako presidentea, María Antonia Urizar ontziaren amabitxia eta "Green Cádiz" bedeinkatu zuen Jon Etxebarria apaiza, besteak beste.

Uretaratzearen ondoren, Tapia sailburuak Ekoizpen Industrialaren Indizearen gaineko datuak eta langabezia-datuak baloratu zituen. Azaroan EAEn 3.481 langabe gutxiago zenbatu direla-eta honako hau esan zuen: "Ekonomia hobetzen ari da eta enplegua sortzen, hau da bilatzen ari garena". Halere, sailburuak berrikuntzaren aldeko apustua aldarrikatu zuen, euskal industriarako ez baitago "konfort zonarik". "Lanean jarraitu behar da eta etorkizunari aurre egiteko euskal industria posizio onenean egon dadila lortu behar dugu", gehitu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun