Kazetariak gogorarazi duenez, berbaldiak emateko ez ezik komunikabideetan ere trabak badira informazioa "deserosoa" zabaltzeko: "Eztabaida asko eskaini dizkio EITBk Panamako paperei, Imanol Ariasi buruz hitz egiteko. Minersa eta Sulquisa enpresak agertzen dira paperetan, Neguriko familia handienak. Zergatik ez dituzte horien izenak ematen? Horietako bat, adibidez, 'El Correo'-ko ekonomia zutabegile nagusia da. Jabier Etxebeste mezenasa ere agertzen da paperetan. Interes ezberdinen gainetik, publikoaren interesa dago".
Ahoztar Zelaieta kazetari santutxuarrak eskarmentu handia dauka ikerkuntza-kazetaritzan. Tas-tas irratian hazi ostean, "Egin" egunkariko ikerketa-taldean ibilbide oparoa egin zuen. Baltasar Garzón epaile espainiarrak komunikabide hori itxi ostean, "Ardi Beltza" eta "Kale Gorria" aldizkarietan jardun zuen. Azken hori 2004an itxi ostean hainbat urte eman zuen kazetaritzatik kanpo. Kriminologia ikasi zuen eta Euskal Herriko lehen kriminologo elkarteko sorreran parte hartu zuen.
Orain dela hiru urte, "Jóvenes Burukides Bizkainos: Clientelismo y fontanería" ikerkuntza-liburu monografikoagaz bueltatu zen. Arrakastaren ondorioz, urtero beste monografiko bat argitaratu du: "La Casta Vasca" eta "Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria". Pasa den Durangoko Azokan aurkeztu zuen laugarren liburua, Panama eta Castellana auziei euskal begirada ipintzeko. Bitartean, Zelaieta "Gabe" aldizkaria sortzeko lanean hasi zen iaz, "Kale Gorria"-ko hainbat kidegaz batera.