Erandioko Udalak jakinarazi duenez, udalerriko 19 langabetu horiei beharra eman ahal izateko apustua 305.216,67 eurokoa izan da. Ekimen hori "auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz ekarpena egiteko grinagatik" aurrera eroan dutela azaldu dute udal arduradunek.
Enplegua sustatzea
Enplegu-gaietan Erandioko Udala 257.810 euro kudeatzen dabil aurten eta datorren 2017an; funtsa horren helburuak bi dira: alde batetik, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laguntzea (nagusiak, langabezian luze egon diren pertsonak, eta abar), lana topa dezaten; eta beste aldetik, gazte langabetuen kontratazioa sustatzea.
Txertatu Merkatuan
Enplegu-arloan ere, Erandioko Udalak Txertatu Merkatuan programan parte hartzen du; plan hori 16 eta 30 urte bitarteko erandioztarrei zuzenduta dago, langabezian badaude eta Lanbide Heziketako erdi mailako titulazioa edo txikiagoa badute. Programa hori 2016an hasi zen eta 2018ra arte segituko du, gutxienez. Hiru urte horietan Udalak 89.081,26 euro bideratzea aurreikusi du. Aurten, 20 parte-hartzaile izan dira; euretako 4 emakumezkoak dira (%20) eta beste denak, 16, gizonezkoak. 20 parte-hartzaileek pasa den irailaren 14an ekin zioten ekimenari eta otsailaren 28an bukatuko dute.
Jarduera hasteko laguntzak
Erandioko Udalak zabaldutakoaren arabera, 53.548 euroko laguntza banatu du 33 ekintzaileren artean, bertoko enpresa berriak sortzeko.
Hazilan proiektua
Erandioko Udalak 318.827,48 euro bideratuko du Hazilan ekimena garatzeko, aurten eta 2020ra arte. Proiektu horrek hainbat ekintza-ibilbide hartzen ditu bere baitan; denetan helburua da ikasten ez dabiltzan gazte langabetu kualifikatuak lan-merkaturatzen laguntzea. Horren bidez, parte-hartzaileek enpresatan praktikak egingo dituzte.
Lehenengo deialdian, 22 pertsonek eman zuten izena, 10 emakumezkoek eta 12 gizonezkoek. Euretatik 19 hasi dira lanean, 10 emakumezkoek eta 9 gizonezkoek. Bigarren deialdian, prozesua abiatu dute 13 pertsonek, 4 emakumezkoek eta 9 gizonezkoek.