Prokofieven asmoa, musika sinfonikoa umeei modu dibertigarrian hurbiltzea zen eta horrela egin zituen konposizio musikatua eta ipuinaren moldaketa ere. Ipuin errusiar bateko pertsonaiak hartu eta bakoitzari instrumentu baten bidez irudikatu zuen: Peru, orkestrako hari-instrumentuen bidez azalduko zaigu; txori txikia zeharkako txirula izango da; zoritxarreko ahatea, oboea; katu zuhurra, klarinete goxoa; aitona,beti marmarrean, fagota; basoan bizi den otso handia, tronpak; eta basoan errondan dabiltzan ehiztariak, tinbalak eta bonboa.
Oholtzan, zuhaitz eder baten eta gramofono zahar baten laguntzagaz, ipuina kontatuko diguten pertsonaia xelebre bi izango dira. Didau antzerki-taldeak "Peru eta otsoa" obraz egindako bertsioa berezia da beraz. Ainhoa Agirre Aldabaldetreku eta Juan Manuel Álvarez Silva aktoreek haurrentzako lehen ipuin sinfonikoaren ikuspegi berria eman dute, atenporala eta umeentzat egindako sinfoniei garrantzia eman diena.