Erandioko Udalak zabaldu duenez, ikastaroaren helburu nagusia da zaindariak prestatzea, "gerta daitezkeen zaintzako egoerei aurre egiteko". Hala, beharrezkoak diren estrategiak eta baliabideak eskainiko zaizkie.
Helburu zehatzagoen artean, honako hauek nabarmendu dituzte antolatzaileek: zaindu ahal izateko oinarrizko ezagutzak eskuratzea; arriskupeko edo gatazkako egoerak identifikatzea, horiei aurre egiten jakiteko; etxebizitza mendeko pertsonen arabera egokitzeko modua ezagutzea; mendeko pertsonak mugitzeko teknikak ikastea, zaintza jasotzen duten pertsonen eta zaindarien arazo fisikoak prebenitzeko; egungo baliabideen ezagutza sendotzea; eta mendeko pertsonen eskubideen gaineko ezagutza sendotzea.
Ikastaroa Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko areto urdinean egingo dute, espainolez, otsailaren astelehen eta bariku denetan, goizeko 10:30etik 12:30era. Denera 16 ordu izango dira.