Aranagak oroitarazi duenez, zapatukoa egingo duten laugarren ibilbide zirkularra izango da. Lehenengoa 2013ko abenduaren 31n egin zuten eta hurrengo urte bietan data berbera mantendu zuten. Pasa den urte amaieran, ostera, ez zuten halakorik burutu. Hala, zapatuan ipini dute horretarako hitzordua. Halere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, urtero ibilbidea aldatu egin dute, beti berritasun-puntua izan dezan. Aurtengo ibilbidean, Altzagatik Arriagara igoko dira, bertatik Astikara mugitu, Lutxanan geratu eta Altzagatik bueltatzeko. Aranagak hainbat sorpresa agindu du bisita gidatuan, zapatuko ekimena aurreko aldietan baino "bereziagoa" izango dela azpimarratuz.
Dena den, osagaietako batzuk azaldu ditu: Astikako txoko okupatutako kideek hamaiketakoa prestatuko dute eta euren proiektu eta kultur ekintzak aurkeztuko dituzte; Lutxanan, bertako ortuen eta eskolaren proiektuak ezagutzeko aukera ere izango da; azkenik, Altzagan, Kalezulo gaztetxearen nondik norakoak azalduko dituzte.