Aipatutako ikerketak iaz jaso zuen Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako bat. Ikerketa horretan EAEko proiektu hasiberri batzuk eta Europan denbora gehiago duten beste proiektu batzuk aztertu dituzte, hala nola, Suedia, Danimarka eta Alemaniakoak. Zahartze-prozesuaren erronkari etxebizitza kolaboratiboen bidez heldu gura dieten errealitate europarrak ikertu dituzte, eredu horien ezaugarritzea gure testuinguru sozial eta ekonomikotik begiratuz.
Emakunderen ustez, "ikerketa baliagarria da horrelako zaintza-proiektuetan sakondu nahi duten pertsonentzat, gaur egungo zaintza ereduaren aurrean alternatibak bilatu nahi dituztenentzat, hain zuzen ere. Gaur egungo zaintza-eredua neurri handi batean emakumeen eskuetan dago eta era horrelako aukera berriak izan daitezke bide bat beste eredu bat ezartzeko eta emakumeen ahalduntzea eta zahartze aktiboa bultzatzeko".
Zaintza, zahartzea eta generoa kontuan hartuta 19 etxebizitza kolaboratibo aztertu dituzte ikerketan, era askotakoak: emakumeenak bakarrik, mistoak, 55 urtetik goragokoenak, hainbat belaunaldi nahasten dutenak, urbanoak, hiritik kanpokoak… eta abar. Proiektu horien ezaugarriak ikertu dira, bai azpiegitura bigunak deitzen direnak (adibidez gobernantza-ereduak edo zaintza-ereduak) eta baita azpiegitura gogorrak, hau da, espazio-kontuak, eta gai finantzario eta legalak.