Webgune berriak bestelako informazioa ere emango du, hala nola, Udalaren antolamendu eta osaketari buruzkoa, udal-zerbitzu eta baliabideak, udalerriko egitura ekonomikoaren gaineko datuak eta baita auzokideei eta bisitariei zuzendutako eskaintza kulturala ere. Halaber, Erandio.eus orrialdearen beste oinarrietariko bat gardentasuna da, alkateak esandakoaren arabera.
Tramitazioa online
Atari digital berriari esker, herritarrek ohiko hamar udal-tramite Internetez egiteko aukera daukate daborduko, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan. Hala, udaletxerako edo udal-bulegoetarako txangoa aurreztuko diete auzokideei. "Udaletxeko ateak zabalik" egongo dira "webgunearen bidez", bertoko erakundetik azpimarratu dutenez: "bideratze telematikoa ahalbidetu eta herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutuko" du tresna berriak. Erandioko biztanleek gura duten leku eta momentuan egin ahal izango dituzte euren kudeaketak, denbora eta ahalegina aurreztuz eta "ondorioz, euren bizi-kalitatea hobetuz". Izapideak urrutitik egiteko aukera izateaz gainera, pertsona bakoitzak bere izapideen egoera jakin ahal izango du edozein momentutan, izapideen historia ikusi ahal izango du eta, lehendik egindako ziurtagiri bat berriro behar izatekotan, agiria berriz inprimatzeko aukera emango zaio.
Hemendik aurrera honako hamar izapideak egin ahal izango dira: erroldan alta ematea; erroldako datuen aldaketa; atzerritarren errolda berritzea; errolda- edo egoitza-txartela; errolda-ziurtagiria; erroldatik ofiziozko baja emateko eskaera; instantzia orokorraren eskaera; kexak, iradokizunak eta eskerrak; hitzorduak; eta bizileku-aldaketa. Gainera, laster ehun tramite baino gehiago sarean egin ahal izango dira, udaletxeetan egiten diren izapideen %99, hain zuzen ere.