Erandioko elkartasun-krosa, prest

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 3a, 11:09

Erandioko Herri Krosa antolatuko du domeka honetan Erandio Atletismo Eskolak. Mila kirolzale baino gehiago espero dituzte aurten; elkartasun-ekimena egingo da.

Domeka honetan 28. urtemugara helduko da Erandioko Herri Krosa, Erandio Atletismo Eskolak hutsik egin barik urtero antolatzeari eutsi baitio, krisi garaian ere bai. Josean Pérez Erandioko Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, "mila kirolzale batzen dituen eta dortsalak kobratzen ez dituen lasterketa gutxienetako bat da" Erandioko Herri Krosa.

Era berean, Juan Ángel López Galiana probaren zuzendari teknikoak nabarmendu du bigarren urtez elkarlanean jardungo dutela Leioako Sortarazi elkarteagaz, pertsona behartsuentzat elikagaiak batzeko. Hala, goizeko 10:00etatik 13:00etara, arroza, kakaoa, salda egiteko pastillak, esnea eta bestelako produktu iraunkorrak batuko dituzte helmugan, Tartanga kalean.

Horrez gainera, Galianak esan du izena ahalik eta lasterren emateko, "azken unera arte itxaron barik", epez kanpo ez geratzeko. Izan ere, probaren egunean ez dute inskripziorik onartuko. Bitartean, izena eman daiteke eskolaren webgunean edo Erandioko kiroldegian. Kiroldegira joateko ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da astegunetan, eta 11:00etatik 13:00etara, zapatuan. 2001 eta 2010 artean jaiotakoek, berriz, webgunetik fitxa jaitsi eta eroan beharko dute Herri Krosera.

Proba edo eskola sostengatu gura dutenek borondatezko diru-sarrera egin dezakete eskolaren kontu-korrontean. Domekan, lasterketak 10:30ean hasiko dira, Altzagako kiroldegi aurrean. Ume eta kadeteek 2.000 metro egingo dituzte; kimuek, 1.500; benjaminek, 1.000; eta benjamin aurrekoek, 500 metro. 11:45ean, familientzako lasterketa izango da, 750 metrokoa. Ordu erdi beranduago, 12:15ean, maila absolutuko 7 kilometroko proba hasiko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun