Erandioztar bi, podiumean, Sahararen alde

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 8a, 14:32
Begoña Beristain eta Jon Salvador. © SAUCONY

Begoña Beristain eta Jon Salvador atleta erandioztarrek podiuma zapaldu zuten pasa den otsailaren 28an, Saharako Maratoian. Biak ala biak hirugarren postuan heldu ziren, Aljeriako basamortutik 42 kilometro luze bete ostean. Seme eta iloba banagaz batera lehiatu arren, Salvador indarrez oso ahul heldu zen helmugara, arkutik pasatu bezain laster zorabiatu egin zen.

Erandioztarrari seruma ipini behar izan zioten probako erizainek. Izan ere, lasterketa berez oso gogorra da, baina aurtengo edizioa ohikoa baino askoz muturrekoagoa izan da, elementu biren erruz: 32 graduko tenperatura eta kontrako haize-ufada gogorrak. Beristain eta Salvador ez ziren izan probako bizkaitarrik onenak Saharako Maratoiaren 17. edizio horretan. Ohore hori Elena Frechilla kirolari sondikoztarrak lortu zuen, emakumezkorik azkarrena izan baitzen proban. Gizonezkoei dagokienez, irabazlea Giorgio Calcaterra italiarra izan zen. Calcaterra 100 kilometroko munduko txapelduna izan da hiru biderrez.

Sahara Maratoiaren helburuak bi dira, kirol-mailakoak alde batera utzita: herri sahararraren egoera nazioartean gogoraraztea eta jendarte-laguntza zabaltzea Tindouf-eko errefuxiatu-kanpamentuetan. Ohi legez, Euskal Treenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak botikak eroan zituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun