"Ertzaintzak Euskadiren bakeagaz, elkarbizitzagaz eta giza-eskubideen errespetuagaz daukan konpromisoaren" sinboloa izan zen Kimua landatzeko zeremonia, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak azpimarratu zuenez: "omenaldia egin gura diegu zerbitzuan eroritako ertzain denei, eta berretsi egin gura dugu Euskal Herriak duen bake eta askatasun gogoa, Gernika horren sinbolo izanik. Modu berean, sendetsi egiten dugu Ertzaintzaren apustu sendoa euskal herritar guztien giza-eskubideak zaindu eta zainaraztearen alde".
Haritz "sakratuaren" kimuak zabaltzeko eskariak "asko" diren arren, Otaduik adierazi zuen beretzat "beti dela ohorea" beste kimu baten landaketan parte hartzea. Atzotik aurrera, Bizkaiko Ertzaintzaren egoitzak bat egingo du oroimen historikoagaz eta bakeagaz erlazionautako leku enblematikoakaz, Auschwitzegaz edo "Alagurnen herria" gisa ezaguna den Sartagudagaz, besteak beste. Bizkaiko Batzarretako presidenteak adierazi zuenez, Gernikako haritzaren sinbologia beti egon da "oso loturik Euskadiko Poliziaren sinbologiagaz. Ertzain-agintarien galoietan oraindino be haritz-hostoa dago”. Horregatik, Gernikako haritzaren orri bat aginte sinbolo moduan eroatea "erantzukizun are handiagoa" dala uste du.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak, bere aldetik, amaiera eman zion ekintza sinboliko horren bitartez Ertzaintzaren 80. urteurrenaren ospakizun zikloari; joan den apirilean abiatu zuten zikloa, Miguel Etxagibel azaroan hil zen 1936ko ertzainari omenaldi hunkigarria eginez.
"Erandioko egoitzako lur honen indarra jasotzen hasi berri den kimu honek, eskaintzen dugun segurtasun zerbitzuaren eta herritarren artean beharrezkoa den batasun hori ere irudikatzen du. Askatasunak, elkarbizitza eta ongizatea bermatzeko egiten dugun beharraren eta gure eguneroko jardunean gure zerbitzuak jasotzen dituen pertsonen eta erakundeen arteko batasuna", adierazi zuen Estefanía Beltrán de Herediak, eta eskerrak eman zizkion Patxi Vallejo Trafiko Unitateko ertzain erretiratuari, haritza Erandioko ertzain-hirian landatzeko bultzatu zuen ekimenagatik.
Ekitaldiari amaiera emateko, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren benetakotasun ziurtagiria eman zion Beltrán de Heredia, eta Segurtasun Sailburuak haritz-orriaren irudikapen sinbolikoagaz erantzun zion. Ertzaintzaren ereserkiak eman zion bukaera ekitaldiari.