Hipoteken letra txikiaren gaineko informazio-saioak izango dira Erandion egunotan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 31a, 10:00

BBVAren praktiken aurkako baraualdia egin zuten Areetan, 2012an. © EZ IRENTZI!

Datozen astelehen, eguazten eta eguenean hipoteka-maileguetan bezeroek dituzten eskubideen eta erreklamazio-bideen berri emango dute Altzagan, Erandiogoikoan eta Astrabuduan, hurrenez hurren. Bereziki, zoru-klausulak eta formalizazio-gastuak aztertuko ditu Iñaki Velascok, Euskal Kontsumitzaileen Elkarteko abokatuak. Saioetan nork bere zalantzak galdetzeko aukera izango du.

Pasa den abenduaren 21ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabateko atzeraeragina ezartzearen aldeko irizpena egin zuen, gardentasun barik aplikatutako zoru-klausulak itzultzeko kontuan. Geroago, premiazko neurriak hartu dira zoru-klausula bidegabeei dagokienez kontsumitzaileak babesteko, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako Errege Dekretu baten bidez. Dekretuan, prozedura estrajudizial bat ezarri da, interes-tasaren bariazioari mugak aplikatzearen ondorioz kaltetutako kontsumitzaileen erreklamazioak modu "arin, doako eta borondatezkoan" ebazteko.

Halaber, Auzitegi Gorenaren 705/2015 epaiak, abenduaren 23koak, deklaratu zuen gehiegizkoa eta beraz baliogabea zela BBVAk erabiltzen zuen klausula bat; klausula horrek mailegu-hartzaileari ordainarazten zitzaizkion hipoteka-mailegu bat formalizatzetik eratorritako gastu, zerga eta komisio guztiak. Aitzitik, bankuek beren gainera hartu beharko lituzkete, osorik, gastu horiek, edo gutxienez parte bat, entitateak baitira hipotekaren eskritura erregistratzeko interesa dutenak. Baliogabetasunak baldintza hori ipini gabekotzat hartzea inplikatzen du, eta, horrenbestez, kontzeptu horiengatik kobratutako dirua itzultzera behartzen du entitate finantzarioa. Modu berean, ebazpen judizialean bankuari agindu zitzaion klausula hori kontratuetatik ezabatzeko eta handik aurrerako hipoteketan erabiltzeari uzteko. Ordutik hona, hainbat Auzitegik eta lehen auzialdiko epaitegik emandako sententzien emaitzak desberdinak izan dira.

Ikusita pertsona asko izan direla kaltetuak eta bi kasuek interes handia sortu dutela, Erandioko Udaleko Osasun Publikoa eta Kontsumoa Sailean pentsatu dute momentu egokia dela informazio-saioak antolatzeko. "Horietan, argiro eta zehatz azalduko da bi kasuetan abiatu beharreko erreklamazio-prozedura, eta bertaratuko direnen zalantzak argituko dira", ziurtatu dute udal-iturriek. Iñaki Velasco, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Alkarteko (EKA) abokatuak emango ditu berbaldiak. Informazio-saio denak 18:30ean hasiko dira.

Egitaraua

Apirilak 3, astelehena

  • Tartanga Lanbide Heziketako institutuaren areto nagusian. Tartanga kalea, 15. Altzaga.

Apirilak 5, eguaztena

  • Gizarte Etxeko areto nagusian. J.M Olague "Txuma" kalea, 3. Erandiogoikoa.

Apirilak 6, eguena

  • Josu Murueta Kultur Etxeko areto nagusian. Josu Murueta plaza. Astrabudua.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun