Martitzenean zabalduko du matrikulazio-epea Erandioko musika-eskolak

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 27a, 09:30

Erandioko Musika Eskolako ikasle bat, tronpetaz praktikatzen. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udal Musika Eskolak matrikula egiteko epea irekiko du datorren maiatzaren 2an, martitzenean. Edozein pertsonak eman dezake izena, hilaren 19ra arte, lau urtetik gorakoa bada. Denera, 15 musika-tresna jotzen ikasteko eta hamabi taldetan parte hartzeko aukera izango da Astrabuduan eta Altzagan.

Eskolan irakasten dituzten musika tresnak honakoak dira: pianoa, gitarra, biolina, biola, biolontxeloa, baxu elektrikoa, gitarra elektrikoa, panderoa, bateria, akordeoia, flauta, klarinetea, saxofoia, tronpeta eta trikitia.

Talde-lanari dagokionez, honako trebatze-taldeak eskaintzen dituzte: hasierako tailerra, musika-mintzaira, abesbatza txikia eta nagusien abesbatza, akordeoi-orkestra, gitarra-orkestra, harizko orkestra, airezko musika-tresnen taldea, ganbara-musika, helduentzako musika-tresna musika-mintzairako aurretiko ezagupenik gabekoentzat eta musika modernoen taldeak.

Erandioko Udalak nabarmendu du eskola dela "erandioztar guztion musikarekiko topagunea". hala, herritarrak deitu ditu musika-eskolara joan eta euren zaletasuna garatzera. Izan ere, musika-eskolak azaldu duenez, musikak bizitzarako zenbait ekarpen positibo eragiten ditu, hala nola: "gure emozioak adierazten laguntzen digu; gure antzinako kultur usadioakaz konektatzen gaitu; matematika-kontzeptuak ulertzea eta irakurmena errazten dizkigu; ikus-oroimena eta entzun-oroimena garatzen dizkigu, eta adimen-kozientea handitzen du; gure arteko harremanak aske eta sentiberatasunez gozatzen laguntzen digu; gure ikas-ohiturak hobetzen dizkigu; txikien psikomotrizitatea garatzen du".

Matrikula egin daiteke aurrez-aurre, Josu Murueta kultur etxean, astegunetan, honako ordutegian: 10:00-12:00 eta 17:00-19:00; barikuetan goizez bakarrik egongo da irekita. Modu berean, honako bideak erabil daitezke argibide gehiago eskatu edo izena emateko: 944 170 776 telefonoa eta smeskola@erandio.eus posta elektronikoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun