Erandioko bonbardaketen biktimak omenduko dituzte martitzenean

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 23a, 19:40

Erandioko Udalak omenduko ditu Erandioko bonbardaketetan eta Gerra Zibilean izandako biktimak. Ekitaldia etzi, martitzenean, izango da, 13:00etatik aurrera, Altzagako Ibarra kaleko 6. zenbakian, bonbardaketa baten 80. urtemugan. Udalak erandioztar denak bertaratzera deitu ditu.

1937ko apirilaren 22an hasi eta 26ra arte mantendu zen Erandioren aurkako bonbardaketa. Horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu izan ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Kopuruak ziurtatzeko udalen eta Ertzantza Igelatuaren (garai hartako Ertzaintzaren unitate motorizatuen atala) datuak hartu zituzten kontuan. Halere, ez da baztertzen biktimen kopurua zabalagoa izatea. Gainera, apirilekoak ez ziren izan elizateak pairatu zituen bakarrak. Besteak beste, urte bereko urtarrilean eta maiatzean ere matxinatuen hegazkinek eta Legion Condor alemaniarrak bonbak jaurti zituzten Erandiora.

Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal plataformak bat egin du hitzorduagaz eta bertaratzeko  deia egin du, "Oroimena, Egia, Justizia eta Erreparazioa" goiburuaren pean. Sare Antifaxistak aurreratu duenez, martitzeneko ekitaldian, plaka bat ipiniko dute Ibarra kaleko 6. atarian, Laureano Jadoren estatuaren ondoan. izan ere, bertan erori zen Legion Condorrek botatako bonbetako bat. Espero dute bizirik atera zen auzokideren bat bertan izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun