Martitzenean zabalduko dute matrikulazio-epea Erandioko haur-eskolek

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 26a, 14:25

Altzagako haur-eskola artxiboko irudian. © ERANDIOKO UDALA

Haurreskolak Partzuergoak matrikulazioaren epea zabalduko du maiatzaren 2tik 12ra, Erandioko Udalak iragarri duenez. Hala, leku-eskaerak aurkeztu ahal izango dira Altzaga, Astrabudua eta Erandiogoikoko zentroetarako. Altzagan, leku libre bakarra dago, 0-1 urtekoen gelan; Astrabuduan, 6 leku daude 0 urtekoen gelan eta beste 5 urte batekoenean; azkenik, Erandiogoikoa beteta dago gaur egun. Denera, 96 leku dago.

Partzuergoak azaldu duenez, lekua eska dezakete 2016 eta 2017 urteetan jaiotako haurren guraso edo legezko tutoreek. Behin eskaera denak bilduta, Haurreskolak Partzuergoak aztertuko ditu eta ekainaren 16an argitaratuko ditu behin-behineko zerrendak. Hiru egun beranduago zabalduko du erreklamazio eta hutsak zuzentzeko epea, ekainaren 30era. Hala, behin betiko zerrendak uztailaren 12an argitaratuko dituzte. Azkenik, neska-mutilak haur-eskolatan hasiko dira irailaren 6an.

Jaio berrien izen-emateak

Aurreko egutegitik kanpo geratuko dira apirilaren 20tik aurrera jaiotako umeak. Horien kasuan, maiatzaren 12tik aurrera aurkeztu ahal izango dute eskaera guraso edo tutoreek. Hala, ondoren behin-behineko edo behin betiko zerrendetara gehituko dituzte haur-eskolek.

Ekainaren 30etik aurrera entregatuko diren jaioberrien eskaerak kudeatuko dituzte uztailaren 12tik aurrera, behin betiko zerrendak publikatu ostean. Halere Haurreskolak Partzuergoak ohartarazi du hori horrela izango dela "beti ere umeari dagokion adin tartean plaza librerik balego eta eskaera hurrengo izen-emate epeko plaza hutsen zerrendaren argitalpena baino lehenago aurkeztuko balitz".

Izena-emateko fitxa

Argibideak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun