Jatorriz, Kanpomartxo ekimena inauterien aurreko domekan egiten zen. Orduan, familiak eta herriko taldeak batu egiten ziren, eta mendira edo landa aldera joan ohi ziren, bazkaldu eta eguna pasatzera. 1994an, Berbots Erandion Euskaraz elkarteak ospakizuna berreskuratu eta zaharberritu zuen. Gaur egun, zenbait helburu dauzka: euskaldunen eta euskaltzaleen bilgune izatea, euskara eta euskaltasuna giro atseginez uztartzea, herriko elkarteen arteko harreman-sarea sendotzea eta herriko jende askoren agendan sartzea, besteak beste. Berbotsek ekimena berrartu zuenetik, 23 urtean Kanpomartxo Erandioko auzo ezberdinetan antolatu dute; aurton, Lutxanan izango da.