Azpiegiturak foru-sozietateak pasa den maiatzaren 2an atera zuen lizitaziora Erandioko Altzaga auzoan egoera arriskutsuan dauden zenbait etxe bota eta 113 etxebizitza eta hamar merkataritza-lokal berriak eraikitzeko lehiaketa. Hasierako aurrekontua 10.931.484,51 eurokoa da, BEZ barik.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, neurri horregaz helburu bi beteko dira. Batetik, Abaroa enpresak eraginda 2007an kalte larriak jasan zituzten etxebizitzetako 66 familiari behin betiko konponbidea ematea; Abaroak kaltetutako erandioztarrak, oraingoz alokatutako etxebizitzetan bizi dira. Bestetik, eremu horren hirigintza berrituko da, foru-diputatuaren arabera.
Pradalesek iragarritako egutegiaren arabera, obren esleipena irailean egingo da, eta kontuak “ondo baldin badoaz, eta ondo joango dira, urriaren bukaeran edo azaroaren lehenengo asteetan lanak hasiko dira”. Gainera, diputatuak eskertu du auzokideek orain arte erakutsitako “pazientzia” eta Erandioko Udalaren elkarlana.
Azpiegiturak obren lizentzia dauka 2015eko abuztutik. Halere, orain dela aste batzuk, Erandioko Udalak ohartarazi zion lizentzia hura iraungita zegoela; hala, Udalak premiatu zuen enpresa, hiru hilabeteko epean esleipen-prozedura abia zezan, Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziak gogora ekarri duenez.
Abaroak kaltetutakoen egoera konpontzeko 2011ko martxoan sinatu zuten Erandioko Udalak eta Azpiegiturak lehenengo hitzarmena, Altzagako Ibarra eta Antxon Fernández kaleetan zein San Agustin plazan egoera arriskutsuan zeuden etxeak bota eta berriak eraikitzeko.
Tartangako 400 etxebizitzak
Bidean diren 113 etxebizitzez gainera, beste 400 gehiago dira altxatzekoak, Tartangan. Helburu horregaz, kiroldegiaren ondoko berdegunea utzi zion Udalak foru-enpresari, iazko abuztuan. Lursailak 20.000 metro koadro baino gehiago ditu. EH Bilduk kritikatu du Altzagako “biriki berdea” galduko dela eta operazioak Babes Ofizialeko Etxebizitza kopuru txikia sortuko duela.