Erandioko Gazte Asanbladak 10. urtemuga ospatuko du zapatuan

Erandioko Gazte Asanbladaren urteurren bat, artxiboko irudian.

Etzi, zapatuan, Erandioko Gazte Asanbladatik (EGA) daborduko erretiroa hartuta duten gizonek eta emakumeek ospatu ahal izango dute eragile horren 10. urteurrena, gaurko gazteakaz, koadrilakaz, auzokideakaz eta beste herrietako lagunakaz batera.

EGAk iragarri duenez, kamiseta berriaz gainera "egitarau oparoagaz" ere ospatuko dute urtemuga biribila, Altzagako Irailak 23a plazan. Hala, eguerditik aurrera, "gazteok kaleetan sortzen dugun alaitasun errebeldea!", inguruko alternatiben topaketa, azoka eta giza-futbolin erraldoiaren herri-txapelketa izango dituzte aukeran Altzagaraino hurreratuko direnek. 15:00etan, gazte bazkaria (txartelak Altzagako La Plaza tabernan salgai) eta osteko bingo musikatua izango dira. Bazkaloste luzearen ondoren, 19:00etan Ttek! elektrotxarangak alaituko du poteoa 21:00ak arte. Ordu horretan, Ze Esatek! eta Itziarren Semeak taldeen kontzertuak hasiko dira. Ondoren, jaiak Kalezulo gaztetxean jarraituko du.

Erandioko Gazte Asanblada 2007ko apirilaren 28an aurkeztu zuten jendaurrean, lau hilabetez batzen hasi ondoren. Hasierako kideek orduan azaldu zutenez, “herrian gazteontzat ezer ez dagoelako” kezkatuta, 15 bat lagunek ekin zioten batzeari, gazte aisialdiaren inguruan lan egiteko asmoz.

Ekimenaren kartela