Euskara koskatxo bat ozenago entzun daiteke Erandion

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 30a, 14:00

Zenbait lagun berbetan, Altzagan.

Euskara gehiago entzun daiteke kalean, Erandion, 2011n baino gehiago. Hala ere, 2006tik hona, erdira jaitsi da bere presentzia.

Joan den astean, Erandioko kaleetan eta plazetan entzuten diren hizkuntzen gaineko azken neurketaren berri eman zuen Soziolinguistika Klusterrak. “Hizkuntzen ahozko kale-erabileraren neurketa Erandion” goiburupeko neurketa hori 2016ko irailean egin zuten, Euskal Herriko beste 128 udalerritan ere egin zen, zazpigarren kale-neurketaren barruan.

Daturik esanguratsuena da Erandioko kaleetan eta plazetan herritarren %2k egiten duela euskaraz. Euskaltzaleek datu positibo legez ikus dezakete, 2011ko kopurua %1,3 baitzen. Horrenbestez, bost urteren bueltan, % 53,85eko igoera izan du euskal hiztunen presentzia aktiboak.

Baina, datu historikoetan apur bat atzera eginez gero, gaur egungo euskararen erabilera oso urrun dago 2006ko kale-erabileraren neurketako %4,2 indizetik. Hala, hamar urtean, %52,38 jaitsi egin da erregistratutako euskararen presentzia udalerrian. Askoz atzerago eginez gero, akordura ekar daiteke 1989ko euskararen erabilera %1ekoa zela Erandion. Beraz, ordutik hona, bikoiztu egin da euskaraz jarduten dutenen kopurua.

Bestalde, oso bitxia da Erandiogoikoan azken bi kale-neurketetan jasotako datuen aldaketa. 2011n, %1,2k egin zuen euskaraz, pasa den irailean, ostera, %10,2. Dena den, komeni da datuak erlatibizatzea, azken emaitzek duten akats-tartea %1,74koa baita. Azken neurketan, tarte hori ahalik eta txikiena izan zedin ahalegindu ziren Soziolinguistika Klusterra eta Erandioko Udala. Horren adierazlea da 2011n 2.231 solaskideren hizkuntza-ekintzak neurtu zituztela, eta, ostera, iaz askoz handiagoa izan zela hartutako lagina: 7.067 pertsona. Bestalde, 2011ko erroldaren arabera, urte hartan Erandioko biztanleen %24,3 zen euskalduna. Beraz, Erandion espero zitekeen erabilera-tasa %3,9koa litzateke, 2011ko erroldaren datuak kontuan hartuta, eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-k sortu zuen euskararen erabilera estimatzeko eredu matematikoaren arabera.

Datu nagusiak

Txosten osoa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun