Orotara 36 ertzain saritu eta zoriondu zituzten, "merezimendu bereziko egintzetan parte hartzeagatik, egindako polizia-lanarengatik edo Ertzaintzaren ospea hobetzeko egindako lanarengatik", Eusko Jaurlaritzak zabaldu duenez. Han izan dira Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako arduradun nagusiak, Terrorismoaren Biktima izandako Ertzainen eta haien Senideen Elkarteko (ASERFAVITE) arduradunak, sindikatuen ordezkariak eta omendutakoen senide, adiskide eta lankideak ere. Ekaineko lehenengo domeka guztietan bezala, dominak emateko ekitaldian omenaldia egin zieten 1982tik gaur arte zerbitzuan hildako ertzainei.
Domina banaketa
Atzokoan 14 ertzain saritu zituzten dagozkien modalitateetan. Bi ertzainek jaso zuten polizia-lana saritzeko bereizgarri gorridun domina. Lehena, 2016ko azaroaren 14an hil zen auto batek harrapatuta N-1 errepidean, Madrid-Irun noranzkoan, izandako istripu bat seinalatzeko lanetan ari zela Gipuzkoako Trafiko Lurralde Unitateko agente gisa zegokion txandan. Bigarrenari eman zioten "hainbat urtetan jasandako jarraipen terroristaren ondorioz ohiko lana egiteko aitortutako ezintasun iraunkorragatik".
Beste sei ertzainek bereizgarri berdedun dominak jaso zituzten. Horietako bik 2016ko abuztuaren 2an bere burua Urumea ibaira bota zuen emakume bat ibaitik erreskatatu zuten Donostiako Eustasio Amilibia kale inguruan. Beste bi ertzainek 2013ko abenduaren 31n Donostian gertatutakoagatik jaso zuten domina, pertsona bat salbatzeko eta erasotzailea menderatzeko erabakigarriak izan zirelako. Bereizgarri berdedun domina jaso zuen beste ertzain batek, zerbitzuz kanpo zegoela, agure bat salbatu zuen iraulitako traktore baten gurpilen artetik eta traktoreak atzetik erantsita zuen eta larriki zauritu zezakeen rotabatorearen arriskutik.
Astrabuduan emakume bat hil zuen gizona harrapatu zuen
Beste bereizgarri berdedun bat Isidoro Aguayo ertzainarentzat izan zen; izan ere, horrek jakin zuen emakume bat bikotekideak hil zuela eta, zerbitzutik kanpo bazegoen ere, ikerketa zeroan Ertzain-etxearen esanetara jarri zen erasotzailea bilatzen laguntzeko, eta erasotzailea aurkitu eta atxilotu ere egin zuen.
Omenaldian bereizgarri urdina duten hiru domina ere banatu zituzten. Bat Bavariako Poliziako funtzionario bati eman zioten, Ertzaintzagaz lankidetza estuan aritzeagatik 1994-2016 artean Ertzaintzaren eta Bavariako Poliziaren arteko lankidetza garatu eta mantentzeko. Bigarrena Anberesko Poliziako Inteligentzia Zerbitzuko buruari eman zioten, Hodei Egiluz desagertu zenean ikerketan aktiboki parte hartu izanagatik eta zerbitzu bien arteko inteligentzia-trukea bideratzeagatik. Bereizgarri urdina duen hirugarren domina Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratu bati eman zioten, Ertzaintzako Polizia Judizialeko batzordeek beren ikerketak EAEtik kanpora jarraitu ahal izateko emandako epai berritzaileengatik.
Azkenik, bereizgarri zuridun beste hiru domina banatu ziren. Bat ertzain bati eman zioten "polizia-erakunde gisa Ertzaintzan hobekuntzak egiteko lan-orduetatik kanpora egindako lanengatik, Ertzaintzaren errekonozimendu soziala eta ikastetxeetako heziketa-lana areagotzea ekarri duten aldetik". Bereizgarri zuridun bigarren domina eman zioten Ertzaintzaren egungo kudeaketa-eredu estrategikoa ezarri eta garatu duen, inteligentziaren arloko analisten prestakuntzan parte hartu duen eta oinarrizko eskalako agenteentzat eta buruentzat inteligentzia kriminaleko eskuliburuak sortu zituen ertzainari. Iaz bajan egoteagatik bere lankideakaz batera domina jasotzerik izan ez zuen ertzainari eman zioten bereizgarri zuridun hirugarren domina. 2013 eta 2015 artean "ikerketa bikain batean" parte hartu zuten Bilboko Ertzain-etxeko hiru ikertzaileetako bat da. Ikerketa hari esker "droga-trafikatzaileen nazioarteko sare bat desegitea lortu zuten, sareko hamazazpi kide atxilotuta eta ia ehun kilo heroina konfiskatuta".
Omenaldia hildako ertzainei
Modu berean, atzo Erandion egin zen ekitaldian, azken urtean meritu bereziko ekimenak egin dituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa egin zen, "ekimen horiek espediente pertsonaletako oharretan jasotzekoak baitira". Orotara, 22 agentek jaso zuten aipamena.
Jardunaldiaren bigarren zatian, 1982tik gaur arte zerbitzu-egintzan hildako ertzain guztiak, ETAk hildakoak barne, oroitzeko ekitaldia egin zen. Eusko jaurlaritzak azpimarratu duenez, "bereziki hunkigarria izan zen Gipuzkoako Trafiko Unitateko ertzainek trafikoa bideratzen ari zela auto batek harrapatuta hildako lankideari egin dioten omenaldia. Dantzari batek aurreskua egin zuen bere omenez".