Erandioko Udalak udalerriko hiru ikastetxetan hobekuntzak egingo ditu uda honetan. Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziak zabaldu duenez, obrarik garrantzitsuena Astrabuduan egingo dute, Ignacio Aldekoa ikastetxean.
Izan ere, 16 urteren ostean, bertako “aldarrikapen historikoari” konponbidea emango diote: gune estali bat sortuko dute. Bilbaok onartu duenez, “behar-beharrezkoa” zen patioan estaldura bat ipintzea, “ikasleak atsedenaldian klasean geratu behar ez izateko euria ari duenean”. Estaldura parkingaren ondoan jarriko dute, eta, horren ondorioz, autoa uzteko 20 leku galduko dira, jolas-eremu sikua lortzeko. Hala, neska-mutilek 200 metro koadro gehiago izango dute patioan; orain arte, 540 metrokoa zen.
Lanak uztailean eta abuztuan egingo dituzte, 249.948 euroko aurrekontuagaz; diru horren % 60 Eusko Jaurlaritzak emango du. Datorren ikasturtean, emaitza horien onura aterako dute 550 ikaslek baino gehiagok, eta bestelako herritarrek ere bai, gunea ikastordutik kanpo hiritarren topagune legez erabili gura duelako Udalak.
Modu berean, Altzaga ikastolako sukaldea zaharberrituko dute, 519 ikasleren onerako; 60.500 euro inbertituta. Gainera, antzeko kopurua erabiliko dute fatxada konpontzeko. Eusko Jaurlaritzak udal-inbertsioa lagunduko du, % 60 ordainduz. Azkenik, Goikolanda ikastetxean, 15.200 euro bideratuko dituzte eskaileretako zokaloetan babesgarriak ezartzeko.