Ume gaixoei jolasak erosteko 762 euro batu dituzte pintxo-ekimen batez, Erandiogoikoan

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 22a, 12:45

Patata-tortillazko pintxo bat, zain. AIKOR

Erandiogoikoko jai-batzordeak eta Loiuko Danontzat elkarteak 762,65 euro batu dituzte, Gurutzetako ospitalean dauden eta minbizia duten umeei jolasak erosteko. Aikor.eus Txorierriko digitalak argitaratu duenez, elkartasun-pintxoen ibilbide bati esker lortu zuten dirua, Gorpuzti jaietan.

 

Elkarteak poz baino pozago daude herritarrek erakutsi duten elkartasunegaz: "Pintxorik jaten ez zuenak ere dirua sartzen zuen itsulapikora". Izan ere, txaranga batek girotuta, honako ibilbidea egin zuten: jai-batzordeko txosna, batzokia, Xcaret, Dandaka, Goikolanda eta jai-batzordeko txosna. Pintxoak Erandiogoikoko tabernek eta elkarteek eman zituzten, eta euro batean saldu ziren.

Bestalde, Danontzat elkarteak iragarri duenez, Loiuko jaietan ere egingo dute elkartasun-pintxoen ibilbidea. Ekimena Udalagaz eta Loiuko Bakarrak gazte-elkarteagaz antolatu dute eta ibilbidea honako hau izango da: Loiuko Bakarrak elkartearen txosna, Jubilatuen Etxea, batzokia, Loiu hotela, Lashoa, Larrakoetxe kirol-taldearen txosna eta Loiuko Bakarrak elkartearen txosna. Gainera, azken geldialdi horretan Txoribikers taldeak emandako pintxoak ere egongo dira. Poteoa 19:30ean hasiko da eta batuko den diru dena  bideratuko dute Gurutzetako ospitaleko onkologia atalean dauden umeentzako jolasak erostera, Erandiogoikoan egin legez. Pintxoak Loiuko tabernek eta elkarteek emango dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun