Erandio eta Txorierriko hitzarmenaz gainera, Aldundiak beste hiru hitzarmen sinatu zituen: Gaztedi Arratia (150.528 euro), Gaztedi Durangaldea (224.700 euro); eta Gaztedi Ezkerraldea (246.400 euro). Lau hitzarmenek bat egin zuten apirilean Busturialdea, Enkarterri, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetarako onartutako beste sei hitzarmenakaz. Hala, Uribe Kostako lankidetza-hitzarmena sinatzea falta da oraindino.
Gazteen urtea
"Bizkaia Goazen Gazteak" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du 2017. urtea gazteen urtea izango dela. Horren haritik, "Gaztedi Bizkaia 2020" foru-estrategiaren bidez lurraldeko gazteria-politikak koordinatuko ditu, eta tokiko eremuan gazteei zuzendutako jarduketa integralak sustatuko ditu. Hala, Europako politikakaz egiten du bat, eta 8 jarduketa-eremu ditu: hezkuntza eta prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza, gizarte esku-hartzea, osasuna eta ongizatea, kultura eta sormena, gizartearekiko konpromisoa, parte-hartzea eta nazioartekotzea.
Sinatutako eskualdeko lankidetza-hitzarmenetan lehenesten dira, alde batetik, hezkuntza eta prestakuntza, eta bestetik, enplegua eta ekintzailetza. Aldundiaren arabera, "helburua da gazteei kalitate oneko prestakuntza eskaintzea, aldi berean, lan-merkatuko joeretara egokitzen dena, baina, betiere, beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, hala nola gizartearekiko konpromisoa, osasuna eta haiei eragiten dizkieten politika publikoak lantzeko eta ebaluatzeko prozesuan parte-hartzea".