Erandioko Udalari enplegu publikoa sor dezan eskatu dio LABek

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 18a, 21:13

LABek egindako elkarretaratzea. © LAB

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen pasa den eguenean Erandioko udaletxearen aurrean, "bestelako enplegu enplegu eta pertsonal politika eskatzeko". Sindikatuaren arabera, EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernua "lanpostu finkoak suntsitzen eta lan prekarioa sustatzen" dabil. Egunetik egunera "egoerak okerrera" egiten salatu du LABek.

Egueneko protestan zazpi puntu salatu zituen ezker abertzaleko sindikatuak:

  • Azken zazpi urtetan Udalak ez duela lanposturik bete finkotasunez.
  • Lanpostu finkoak amortizatzen dabiltzala Udala, "tantaka-tantaka". Gaur egun, Gizarte Ekintza Sailean administrari-lanpostu bat amortizatu gura dutela dio LABek, "lanpostu horren lan-zama inon agertzen ez den langile ebentual batek betetzen duenean, hori bai, askoz ere soldata txikiagoagaz".
  • Obretako brigada egoera larrian dagoela: "lantaldean 16 operari lanpostu dago eta 8 baino ez daude lanean". "Langileen bajak eta jubilazioak ez dituzte ordezkatzen", ziurtatu du LABek.
  • Brigadakoek egin dezaketen lan publikoa enpresa pribatuen eskutan lagatzen dutela dio sindikatuak: "gero eta gehiago".
  • Kiroldegietan kontu bera gertatzen dela salatu dute langileen ordezkariek: "ez dago udal-langile nahikorik zerbitzua emateko. Udal lantaldean 3 atezain eta mantentze-lanetako ofizial lanpostu bat baino ez dago, 2 kiroldegi goizeko 8:00etatik gaueko 22:30era arte zabalik edukitzeko".
  • Udal-lantaldean ez dago ez Berdintasun ez Enplegu arloetako lanposturik.
  • Bitartekotasun-tasa "itzela" dela diote: "%40 ingurukoa".

Sindikatuaren ustean, Gobernu Taldeak ez du egoera hori konpontzeko "inolako urratsik eman". Hala, Udalaren Arrazionalizazio Planak proposatutako neurriek ez dute, euren iritziz, zenbait arazo konpontzen: langile falta eta Udalean lanean ari diren pertsona askoren egoera prekarioa. Ostera, "langileen elite baten interesei erantzuten" dietela dio sindikatuak.

Horren aurrean, LAB sindikatuak bestelako enplegu- eta langileentzako politika eskatu du, honako neurriak hartuta:

  • Kalitatezko enplegu publikoa sortzea
  1. Kiroldegietan eta obretako brigadan, bereziki.
  2. Zerbitzu publikoei eusteko eta zerbitzuak ganoraz emateko.
  3. Gai garrantzitsuak udal-lantaldeko langileen bidez kudeatzeko. Adibidez, Berdintasuna eta Enplegua.
  • Zerbitzuak ez azpikontratatzea
  1. Baldintza hobeak dituzten lanpostuak izateko.
  2. Lan-kargak arintzeko.
  3. Diru publikoaren kudeaketa hobea egiteko, langileen mesedetan.
  • Enplegu Publikoaren Eskaintza egin eta lanpostuak finkotasunez betetzeko, lantaldeko 200 lanpostutik 70 bitartekoakaz beteta edo hutsik baitaude.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun