Jarduera soziokulturalak ardatz hartuta, Erandioko Emakumeen Elkarteak ikastaro sorta zabala prestatu du datorren ikasturterako, urriaren 2tik aurrera. Kirol-jarduerak gustukoak dituenak hainbat aukera izango du: pilatesa, aeroboxa (aerobic eta kickboxing arteko nahasketa) eta zumba. Dantzan eta musikan interesa duenak ere topa dezake zer egin: abesbatza, sevillanak (hasierako ikastaroa zein hobetzekoa) eta areto-dantzak, besteak beste.
Horiez gainera, tailerren eskaintza zabala dago: eskulanak, margoa, grafologia, etxeko lanak, puntu eta kakorratz-lanak, irakurketa adierazkorra, eta jantzigintza. Emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu ahal izango dute ikastaroetan, beti ere aurretik matrikula eginez gero. Bestalde, beste ikastaro txiki bi antolatu dituzte, urrian hasi eta azaroan amaituko direnak: kosmetika naturala eta gizonentzako sukaldaritza-tailerra.
Irailaren 21era arte izango da izena emateko epea, astelehenetik eguenera, 18:00ak eta 20:00ak bitarteko ordutegian. Erandioko Emakumeen Elkarteko bulegoa izango da inskripzioa betetzeko lekua: San Agustin plazako 1. zenbakian. Eskaintzaren eraginez, pilates, margoa eta zumba izango dira talde gehien mugituko duten ikastaroak. Argibide gehiagorako, mujereserandio@hotmail.com posta elektronikora idatz daiteke.
Ikastaroak
Pilatesa: astelehen eta eguaztenetan, 10:00, 11:00, 17:00, 18:00, 19:00 eta 20:00etan.
Eskulanak: astelehenetan, 16:00etan.
Aeroboxa: astelehen eta eguenetan, 19:00etan.
Abesbatza: astelehen eta eguaztenetan, 19:00etan.
Margoa: astelehen eta martitzenetan, 10:30ean, 17:30ean eta 19:45ean; eta eguaztenetan, 10:30ean eta 18:00etan.
Grafologiarako hastapena: eguenetan, 17:00etan.
Grafologiarako hobekuntza: eguenetan, 19:00etan.
Lanak: eguenetan, 16:00 eta 18:00etan.
Irakurketa adierazkorra: martitzenetan, 17:00etan.
Zumba: martitzen eta eguenetan, 18:15, 19:15 eta 20:30ean.
Jantzigintza: eguaztenetan, 18:00etan.
Sevillanak, hastapena: eguaztenetan, 17:00etan eta 18:30ean.
Sevillanak, hobekuntza: eguaztenetan, 20:00etan.
Areto-dantzak: barikuetan, 20:15ean.
Puntu eta kakorratz-lanak: martitzenetan, 11:00etan eta eguaztenetan, 16:00etan.
Kosmetika naturala: urriaren 27an eta azaroaren 3an, 10ean eta 17an, 18:00etatik 20:30era. Prezioa bazkideentzat, 58 euro; ez bazkideentzat, 68.
Berdintasunerako gizonezkoentzako sukaldaritza-ikastaroa: azaroaren 2an, 7an, 9an, 14an, 16an, 21ean, 23an eta 28an, 19:00etatik 22:00etara, Bekoa ikastetxean. Leku mugatuak.