Hala, Betiko Neskak taldeak orain arte euskarari bultzada eman dioten Astrabudua futbol-taldeagaz eta Erandio Kirol Elkarteagaz bat egingo du. 2017an hamarkada bete duen taldea momentu berezian heldu da Futbola Oinarritik Euskaraz proiektura, erronka berria ipini baitute futbol-zelaian: Baietz 15 Entrenamendu Euskaraz egitasmoa.
Egokiñe Angulo Erandioko Udaleko Euskara zinegotziak akordura ekarri duenez, orain arte 250 umegaz ibili dira beharrean, eta jaso dituzten emaitzak "nahiko positiboak" izan dira. Hala, "berdintasun irizpide batetik, Euskara Zerbitzuan pentsatu genuen ona izango litzatekeela Erandion nesken futbol-talde bat izanda, proiektuan ere sartzea. Irizpide hori kontuan izanda, deitu genion Erandioko Betiko Neskak taldeari ere eta gonbidatu genituen proiektuan parte hartzeko". Halere, Erandioko Betiko Neskak proiektuan sartzeko asmoa ez da berria. Futbola Oinarritik Euskaraz aurkeztu zutenean 2015ean, udal-arduradunek eta Koikili Lertxundi Eusport enpresako arduradunak azaldu zuten euren asmoen artean bazegoela fitxaketa hori, behin egitasmoa finkatuta.
Anartz Dominguez Betiko Neskak taldeko entrenatzailearen ustean euskara indartzea "entrenamenduetan eta nesken taldeetan ondo dago, gure neskei laguntzen baitiegu ikasketetan. Gure jokalari denek ikastolan ikasten dute eta han dena euskaraz darabilte. Entrenamenduetan erabili beharko genuke ere bai. Horregatik sartu gara proiektu honetan", berretsi du. Iritzi berekoa da Adrián Martín, taldeko koordinatzailea. Azaldu duenez, Futbola Oinarritik Euskaraz proiektuan sartu dira "guretzat berdintasuna bultzatzea oso garrantzitsua delako, baita kirola sustatzea ere. Betiko Neskak garrantzia eman behar zaion talde bat da eta horregatik euskara eta berdintasuna txertatzea lortzen badugu, oso positibotzat joko genuke", aurreratu du.
Baietz 15 Entrenamendu Euskaraz
Bere aldetik, Fernando Simón Erandioko Udaleko euskara-teknikariak azaldu du aurtengo erronka: Baietz 15 Entrenamendu Euskaraz egitasmoa. Bere esanetan, "azken bileratan pentsatu genuen aurrerapauso bat eman behar genuela. Entrenatzaileok hartuko dute konpromisoa, bakoitzak daukan gaitasunakaz. Euskaraz egiteko gaitasuna dutenek, gura izanez gero, dena boluntario izango baita, konprometituko dira baietz 15 entrenamendu euskaraz egingo dituztela denboraldiaren hasieratik". Dena den, kontuan hartuta entrenatzaile denek ez dakitela euskaraz berba egiten, bestelako neurri bat ezarri dute. Hala, euskara-maila altua ez dutenek, "gutxienez ulertzeko gaitasuna izanez gero", konpromisoa hartuko dute euskaraz entzuteko eta inori ez eskatzeko eurekaz erdaraz jardun dezan. "Historia hori da: konpromisoa hartzea, argia, zehatza eta kontzientea izatea", iritzi dio Simónek.
Orain arteko ibilbidearen balorazioa egin dituzte Gabriel Pineda Erandio Kirol Elkarteko kideak eta Aritz Monasterio Astrabuduako futbol-taldeko koordinatzaile eta euskara-arduradunak. Pinedak "nahiko positiboki" baloratu ditu aurreko urte bietan egindako beharra eta lortutako aldaketak: "jendeak gero eta gehiago erabiltzen du euskara, bai entrenamenduetan baita aldageletan ere. Euskara karteletan eta webgunean erabiltzen hasi gara. Apurka bada ere euskara gure egunerokoan txertatzen gabiltza". Antzeko sentsazioa dauka Monasteriok Astrabuduan. Gogorarazi duenez, "gu hiru urte gabiltza lan egiten eta bilakaera nahiko ona izan dugu. Hasiera batean sare sozialen eta webguneko plataformaren oinarriak finkatu genituen eta gaur egun gure argitalpenak elebidunak dira". Halere, Monasterio daborduko etorkizunean pentsatzen dabil: "hurrengo urterako uste dut garrantzitsua izango dela entrenatzaileen artean euskararen erabilera bultzatzea; horretarako zenbait dinamika egingo ditugu eurekaz eta ahaleginduko gara ni presente egon barik ere euren artean euskaraz egitea".