Sindikatuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak maiatzean armen gainean ezarritako agindua bertan behera utzi ezean gaia Europar Legebiltzarrera eroaten ahaleginduko dela. Gainera, datorren hilabetean, urrian, hamar mobilizazio egingo dituztela ohartarazi zuten. Roberto Seijo Erneko idazkari nagusiaren arabera, lan-orduetatik kanpo ertzainek arauzko armak ez erabiltzeko arauak ezinegona eragin du ertzainengan, "Ertzaintzaren kolektibo osoarengan mesfidantza" delakoan. Modu berean, bere ustean neurri horrek "segurtasun eza eragingo die herritarrei eta Ertzaintzako agenteei ere". Seijok Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu zion "Segurtasun Sailari eta sailburu andereari agindutakoa zuzentzeko esateko". Hala, "lan-zerbitzutik kanpo arauzko arma eroan ahal izatea uztea" espero du, "Europako Polizia denetan eta Polizia integral denetan legez".
Iñaki Andonegi Erne sindikatuko bozeramaileak ere gaur azaldu du Euskadi irratian maiatzeko agindua ezarri aurretik Segurtasun Saila ez zela sindikatuakaz bildu horren inguruan berba egiteko. Dena den, aitortu du testuak bidea ematen diela gura duten ertzainei arauzko arma lan-orduetatik kanpo erabili ahal izatea eskatzeko. Baina, azaldu duenez, sindikatuak ezagutzen dituen kasu denetan bide hori jorratu duten ertzainei erantzun diete "ezetz, ez daukatela baimenik". Andonegik emandako datuen arabera %70ek baino gehiagok eskatu du arauzko arma eroan ahal izatea.